Konpartsak dira Aste Nagusiko motorra. Hala erakutsi zuten atzokoan behintzat, bi eratara erakutsi ere: alde batetik, txosnak itxita eta plantoa eginez, bidean aurkitzen dituzten trabak salatzeko; eta, beste aldetik, arratsaldean egin zuten desfilean.
Lehengo eguneko aurkezpenean, konpartsek iragarri zuten desfilean «erronka» joko ziotela euren buruari eta «mugiezina mugitzen» saiatuko zirela. Eta hala izan zen. Konpartsetako kideek, soketatik tiraka, autobus bat eraman zuten Kale Nagusian gora, Plaza Biribiletik Moyua Plazaraino, Aste Nagusiak konpartsen motorra ezinbestekoa duela adierazi nahian.
Autobusaren atzetik, milaka lagunek bat egin zuten desfilearekin. Gehienek Aste Nagusia defendatuz lelodun elastiko beltza zeramaten jantzita, baina horrek ez du esan nahi desfileak kolorea ments izan zuenik. Aitzitik, segizio koloretsua izan zen atzokoa, mozorroek, ileordeek, konpartsen ikurrek eta abarrek jarritako hamaika koloretakoa.
Abiada bizian
Marijaia buru zutela, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsetako kide banari egokitu zitzaien erronka hasteko ohorea. Indarrez bultza egin bazuten ere, autobusa milimetro gutxi batzuk mugitzea besterik ez zuten lortu. Baina, orduan, gainerakoek, konpartsa bakoitzeko kide banak, sokari eutsi eta arrapaladan eraman zuten autobusa. Abiada bizian eraman ere, hamahiru minutuan egin baitzuten Plaza Biribiletik Moyuarainoko tartea, atzean milaka lagun zituztela.
Arratsaldeko desfilea koloretsua izan baldin bazen, planto eguneko goizak beste itxura bat zuen. Lainotsu esnatu zen eguna, euri langar eta guzti. Gautxori batzuk oraindik etxera itzuli gabe zeuden, eta bitartean, txosnagunean plantoari ekin zioten. Goizeko txanda egin beharrean, konpartseroak txosnako barra inguruetan zeloa jartzen hasi ziren lehen orduan, egun osoan zehar itxita egongo zirela jakinarazteko. Horrekin batera, Marijaia for alkate. Aste Nagusia defendatuz!! zioten pegatinak txoko guztietan kokatzeko lanetan ziharduten.
Txosnak, 'lotsaren korridore
Behin txosnak itxita zeudela jakinarazita, konpartsa bakoitzak kartel bat atera zuen txosna bakoitzaren kanpora. Bertan, udalari zuzendutako hainbat salaketa bildu zituzten, Lotsaren korridorea osatuz. Bertan, udalaren jai eredua eta konpartsen aurka hartutako neurriak salatu zituzten. Izan ere, Kaskagorri eta Txori Barroteri jarritako debekutik harago baitoaz udalarekin dituzten arazoak, Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako bozeramaileak adierazi zuenez.
Txosnagunean lasaitasuna nagusi zen arren, egitarau ofizialeko ekitaldiak inongo trabarik gabe gauzatu ziren. Epaltzaren alarguna kalean, herri kirol erakustaldia zegoen, Areatzako kioskoan udal bandaren kontzertua, eta Erripako kaian jarrita dagoen Txikigunetik haurren algarak entzuten ziren. Jaia eta zalapartaren erdian, plantoa eta aldarrikapena.
Areatzatik igarotzen zen jendea txosna itxiei begira eta salaketak irakurtzen geratzen zen. «Ez dago eskubiderik», zioen gizon batek auzoetako jaietako aurrekontuak 1.002 eurokoak direla irakurri berritan. «Aurtengo planto egunean, konpartsek euren aldarrikapenak jendearengana helarazten hobeto asmatu dutela iruditzen zait», borobildu zuen.
Haserretuta, etxera itzuli zen gizona, «gaur konpartsekin bat egin, eta jaiari planto egingo diot nik ere».
Bilboko Aste Nagusia
Erronka gainditurik
Txosnak itxita egon ziren atzo, konpartsen planto deialdiari jarraikiz, jaietako herri ereduari jartzen zaizkion trabak salatzeko Arratsaldeko desfilean, autobus bat eraman zuten tiraka konpartsetako kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu