Nahiz eta erretiroa hartuta egon lanez lepo dabilela dio Jose Antoni Bastegieta Marko-k (Kortezubi, 1944). «Nire zaletasunik handiena onddotara joatea da, baina aspaldion ez dut ezertarako astirik. Ezta osterak egiteko ere. Mila kontutan nabil». Hala ere, BERRIAren galderei erantzuteko tartetxo bat atera du. Gernika-Lumoko taberna batean izan dugu solasaldia, eta bertara sartu diren guztiek agurtu dute.
Ia lau urte dira kargua utzi zenuenetik. Oraindik herritarrik etortzen zaizu hau edo beste egin behar dela esatera?
Nik, amaitu nuenean, betiko amaitu nuen. Eskifaiak itsasontzia uzten duenean, eskifaia berriaren esku geratzen da. Kasu honetan, beste horrenbeste. Urte asko eman dizkiot nire herriari. Orain kaiolatik kanpo nago, eta nahi dudan arbolan, nik nahi dudana eta nik nahi dudanean kantatzen dut.
Politikarien irudia ez dago onenean.
Ez naiz inoiz politikari sentitu, baina ondo ezagutzen dut mundu hori barrutik. Askotan, alderdiak agintzen diena edo alderdiari komeni zaiona esan eta egiten dute; ez eurek benetan uste dutena. Alkatearen makila arbola bat da, basoan jaioa, basoan hazi, herrira etorri eta bera nagusi. Horrek ez du horrela izan behar. Alkateak herriaren zerbitzura egon behar du. Eta jakin nahi nuke, batez ere goi mailako karguetan, zenbat sartzen diren politikara poltsikoak betetzeko.
Karguan egon zaren bitartean, Euskal Herriko alkaterik ezagunenetakoa izan zara, baina ez udaleko kontuengatik.
Bai, ni polifazetikoa izan naiz beti. Pertsonok serioak izaten jakin behar dugu, baina algaran ibiltzen ere bai. Batzuek horregatik kritikatu izan naute, baina ni ez naiz egindakoaz damutzen. Nire negozioaren alde lan egin dudala ere leporatu didate. Sekula ez dut alkate izateagatik kobratu. Ezagun izateak gure erretegiari lagundu badio, zer erru daukat nik?
Buruhandien eta aurpegiera itsusien lehiaketak antolatu izan dituzu, eta jendeak parte hartu ohi du. Euskaldunok geure buruari barre egiten ba al dakigu?
Denok ez, baina ahalegina egiten genuen. Nire ustez, hiru gaixotasun daude, sendaezinak: inbidia, jeloskortasuna eta konplexuak. Bakoitzak jaio garen modukoa onartu behar du bere burua, eta, ahal dela, barre egin buru handia edo belarri handia edo dena delakoa dugulako. Askok nortasuna aldatu egiten dute. Hori egiten duenak inoiz ez du benetako nortasunik izan.
Sukaldaritza lehiaketetan aurkezle eta epaile izaten zara. Ondo moldatzen al zara kazola artean?
Egia esango dizut: ez. Neuretzat edo txokoan lagunekin sukaldean egiten badakit. Baina ez naiz sukaldari aparta. Epaile izateko, nahikoa da ze osagai behar diren eta errezeta zein den ezagutzea, gustu ona izatea, eta esperientzia, noski. 40 urte daramatzat honetan.
Euskal Herriko berriketa txapelketan garaile suertatu zinen. Hori da etorria!
Duela hamabost urte izan zen, Arrasaten. Hogei minutu egin nituen isildu gabe. Ez zidaten urik jarri, ahoa lehortu zitzaidan, eta amaitu egin behar izan nuen. Hiru bertsolari eta bi irakasle izan ziren lehiakideak.
Soldadutzaren aurkako kanpainan ere parte hartu zenuen.
Bai, eta eskuin muturrak mehatxatuta egon nintzen. Nik esaten nuen zuzenbide estatua, demokrazia eta askatasuna dituen estatu batek ezin duela herritar bat hau edo beste izatera behartu; are gutxiago soldadu. Madrilera Defentsa Ministeriora joan nintzen batean, irteeran Ynestrillas eta haren jarraitzaileen manifestazioa genuen zain. Horren inguruko eztabaida batera telebistara joan nintzenean, Poliziak babestu ninduen. Mehatxupean omen geunden soldadutzaren aurka geundenok. Neure burua aurkeztu nuen herriko intsumiso baten ordez Basauriko kartzelara sartzeko. Hori egin duen alkate bakarra izan naiz!
Bistakoa da denetarik egin duzula. Baina, zeurez, komertziala zara.
Hamabost urte egin nituen horretan, batetik bestera saltzen. Eskimalei izotza saltzeko gai naizela esaten zidaten!
Urriko azken astelehenean zure izena duen txakolina atera zidaten.
Umea nintzela, aitak egiten zuen, etxerako. Orain semeak egiten du;enologia ikasi du eta hor dabil. Esan didatenez, asteleheneko lehiaketan bosgarren geratu ei ginen. Urte baten irabazleak izan ginen hemen, Gernikan.
ETB1eko Arratsaldekoa saioan parte hartu izan duzu. Horrelakoetan, batere ezagutzen ez diren gaiez hitz egin behar izatea ere suertatuko da, ala?
Bitan joan naiz, eta batean gaia unibertsitatea zen. Solaskideak unibertsitateko irakaslek eta ekonomistak ziren. Zer esan behar nuen nik! Halere, niretzat, oztoporik handiena euskara da. Nik etxeko bizkaiera baino ez dakit, eta euskara batuko hiztegia ez dakit ondo. Zuek BERRIAn idazten duzuena gutxienez bitan irakurri behar izaten dut.
«Eskimalei izotza saltzeko gai naizela esaten zidaten»
Bere burua hitz bakarrarekin definitzen du Jose Antonio Bastegietak: polifazetikoa. Kortezubiko alkatea izan zen urteetan, eta orain sukaldaritza lehiaketetan dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu