Jaiak

Eskukada bat festa

Gaur hasi eta hurrengo astelehenera arte bost eguneko festa egitaraua prestatu dute Altsasuko herritarrek

Suziriaren ondoren, herriko peñek desfilea egingo dute. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko asteetan ere izan dute aurrerapen gisako festarik, baina hasi, gaur eguerdian hasiko dira ofizialki festak Altsasun (Nafarroa). Eguerdian botako duten txupinazoa lehertu, eta suziriaren makila lurrera erortzerako jai giroa izango da herriko kaleetan. Bost egun iraungo du festak. Esku bateko hatz guztiak beste. Eskukada bat festa gaur hasi eta astelehenera bitartean. Parte hartzearen aldeko apustua egin du udalak, eta herritarren artean antolatu dute egitaraua. Beraz,herritarren artean gozatuko dute orain arte herritarren artean prestatutakoa.

Eutsi egin diote iazko festetarako aurrekontuari aurten, baina BEZaren igoera dela eta, iaz baino diru gutxiago izan dute ikuskizunak antolatzeko. Herritarren borondateak jarri du erremedioa, Juan Carlos Orellano kultura zinegotziaren hitzetan. Bi bilera ireki egin dituzte herritarrekin, eta guztien proposamenak batu dituzte festetan. Asko izan dira ekarpenak, eta xehetasun batek eman dezake herritarren parte hartzearen neurria. «Auzolanean egin dugu komuna publikoa ere», dio Arellanok.

Txupinazoan ere igarriko da aldea. Inoiz baino jende gehiago espero dute gaurkoan. Hodei Mazkiaran txirrindulariak botako du txupinazoa, NaBai koalizioak hala erabakita. Londresko Olinpiar Jokoetan izan den altsasuarra omendu nahi izan dute keinu horrekin, eta hark emango die hasiera festei. Suziriaz gainera, ezkila jotzea, burrunba eta peñen desfilea izango da lehenik, eta erraldoi eta buruhandien ibilbidea gero. Gaiteroak ere izango dira, eta peñek kalejira egingo dute. Jokoak, meza, larrain dantza, Altsasuko zortzikoa eta dantzaldia ere izango dira bazkalondotik gauera bitartean. Dantzaldia ere bai ondoren. Eta hurrengo lau egunetan ere ez da egitekorik faltako herrian. Kirolak, kontzertuak, dantzaldiak, zezensuzkoak, jana, edana eta, ezinbestean, baita parranda ere.

Pankartaren sorpresa

Sorpresak ere izango dira, gainera. Berrikuntzak. Ikuskizun berezia prestatu dute altsasuarrek, esaterako, Udaletxeko plazan festen lehen egunerako, baita azkenerako ere. Nahiko era berezian jarriko dute gaur Udaletxeko balkoitik herrian festak hasi direla adierazteko jarri ohi duten pankarta, eta nahiko era berezian kenduko dute astelehenean. Eta, bitartean, festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.