Gaur hasiko da Nafarroako VI. Eskulan Azoka, Naparlur eskulangileen kolektiboak antolatua. Aurten, Nafarroako eta beste herrialde batzuetako eskulangileek 30 postu ipiniko dituzte Iruñeko Gazteluko plazaren bueltan. Urtero bezala, Naparbideak Nafarroako elikagai artisauen elkarteko kideek ere parte hartuko dute, eta zortzi saltoki ipiniko dituzte. Guztira, beraz, 38 postu izango dira aurten.
Ana Gonzalez azokaren antolatzaileetako batek esan duenez, azoka hori eskulangileek euren lana ezagutarazteko aukera paregabea da; gaineratu du «aukera ona» dela eskulangileek egindako kalitatezko produktuak erosteko.
Azokan izango diren 38 erakusmahaietan, Nafarroako produktu ugari eskainiko dira: egurra, xaboiak, bitxiak, oinetakoak, larrua eta lore lehorrak, baita beira, buztingintza, oihalgintza, ehungintza eta burdingintza produktuak ere. Jakiak ere izango dira azokan, eta haurrentzako jolasen posturen bat ere bai. Antolatzaileek esan dutenez, gazte zein helduentzat da, batez ere.
Gonzalezek adierazi du aurtengo helburua publikoarekin harreman zuzena izatea dela eta, nahi izanez gero, eskaera «bereziak» egin ahal izango direla.
Naparlur 2012 lehiaketa
Eskulangile bakoitzak pieza bat aukeratuko du lehiaketan parte hartzeko; gainera, hobekien apaindutako erakusmahaia ere sarituko du Naparlur 2012k.
Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Fermin Villanueva, Nafarroako Gobernuko Zerbitzu eta Turismo koordinatzaile eta sustapen zuzendaria; Itziar Gorritxo, udaleko merkataritza teknikaria; eta Judit Casalprim, lehengo urteko pieza bakarraren lehiaketako irabazlea. Lehiaketa gaur bertan hasiko da, eta epaimahaiak etzi jakinaraziko ditu emaitzak.
Azoka finantzatzeko, postuen jabeek kuota bat ordaindu dute. Gainerakoa Nafarroako Gobernuak jarri du.
ESKULAN AZOKA
Non. Iruñeko Gazteluko plazan.
Noiz. Gaurtik igandera bitartean.
Ordutegia. 10:30etik 14.30era, eta 17:00etatik 21:30era.
Asteburuko proposamenak
Eskulangileen lana ezagutzeko
IruñeaJakiak eta eskuz landutako bestelako produktu batzuk salgai izango dira azokako 38 postuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu