Eskulangileen topalekua

Artiola eskulangileen gunea jarri dute martxan Errenterian, guztiak elkartu eta sektorea indartzeko

Artiolak antolatutako beira artistikoaren jardunaldietan, Merkatuzarreko beiratea apaindu dute. A. CANELLADA/ ARP.
Ilargi Agirre.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Urte askotako ametsa egia bilakatu zaie eskulangileei. Artiola eskulangileen gunea sortu dute Errenterian (Gipuzkoa), sektorearen beharrei erantzun eta bilgune izateko asmotan.

Orain arte lanbidean izan dituzten gabeziak betetzeko asmoz jaio da egitasmoa. «Prestakuntza eta ikerketa sustatuko ditu, topaketak egingo ditugu, eta artisautza indartzeko eskulangileei erakusketa eta salmenta guneak jarriko zaizkie», dio Juanjo Ucar Artiolako eskulangileak. Haren esanetan, eskulangile taldeak bere kideen lanak merkaturatzera mugatzen dira soilik, eta beharrezkoa zen zeregin horretatik haratago joango zen zerbait.

Artisautzaren munduan urte asko lanean dabiltzan hiru elkarte batu dira Artiolan. Errenteriako Ereintza kultur elkartearen eskutik hasi zen egitasmoa gorpuzten, eta, denborarekin, Gabiltza eta Lur eskulangile taldeak sartu dira. Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu diete. Ereintza elkarteak sortu zuen duela 34 urte Euskal Herriko Eskulangintza azoka Errenterian. «Azokari esker, eskulangintza hauspotu, eta eskulangile ugarik haien lana ezagutarazteko modua izan zuten. Orain Artiola herriko kultur nortasunaren ikur bilakatzea nahiko genuke», esan du Jone Idiazabal Ereintzako kideak.

Errenteria eskulangileen erreferentzia izaten jarraitzeko udalak Merkatuzar eraikina utziko dio elkarteari, tarteka ekintzak han egin ahal izateko. Horrez gain, www.artiola.org webgunea sortu dute, informazioa eskaintzeko.

Sortu duten hiru elkarteak Gipuzkoakoak izan arren, Euskal Herriko eskulangile eta elkarte guztiei irekita dago Artiola. «Gure lanbidea nahiko bakarkakoa da, eta tailerren arteko lankidetza bultzatzea da gure asmoa, elkarrekin harremanetan egon eta proiektuak egiteko», dio Ucarrek.

Edonori irekita, baita edozeri ere. Artisautzarentzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzak babestu eta sortuko ditu, eta laguntza behar duen orok jo ahal izango du Artiolara. «Milango azokan parte hartzeko paperak egin nahi dituen eskulangilea, esaterako, gugana etorriko da informazio eske».

Iragana eta oraina

Eskulangileena bazterrean utzitako lanbidea izan da askotan.Sektorea berpiztearen garrantzia gogoratu du Idiazabalek: «Gure kulturaren zati bat da, eta mantentzen saiatu behar dugu». Iragana gordez, orainari eta etorkizunari begira jarri nahi dute. «Lauburuak soilik egiten dituen eskulangileen irudi horrekin apurtu behar dugu, eta berrikuntzari erreparatu nahi diogu».

Ucarrek dio azken urte hauetan eskulangile kontzeptua ez dela ongi erabiltzen, eta horrek kalte handia eragin omen die. «Eskulangile azoka dagoela esaten da, eta, gero, ia gehienak saltzaile hutsak dira».

32 urte daramatza bitxigintzan, eta lanbideak bilakaera handia izan du. Hobekuntzak ere bai, tartean. Gero eta eskulangile berri gutxiago dauden arren, gazteek heziketa handiagoa dute. «Nik neure kabuz ikasi dut dakidana. Gaur egun Deban goi mailako ziklo bat egiteko aukera dute, eta Arte Ederrak edo diseinua ikasitako eskulangile asko daude. Hala ere, heziketan gabezia nabarmenak daude oraindik».

Oro har, Euskal Herrian jendeak euren lanari balioa ematen diela pentsatzen du. «Elkarteen ekimenez, beti antolatu izan ditugu erakustaldiak azoketan, eta horrek jendearen kultura areagotu du».

Urtean lau edo bost ekitaldi inguru antolatzea da Artiolaren xedea. Dagoeneko beira lantzen duten hainbat eskulangileren topaketak antolatu dituzte, beira artistikoaren jardunaldietan. Euskal Herritik ez ezik, Bartzelonatik ere bildu da jendea. Errenteriako Merkatuzar eraikinean finko geratu den beirate bat egin dute guztien artean.

Lehendabiziko ekintza horrek arrakasta handia izan du, antolatzaileen arabera. «Izugarriesperientzia aberasgarria izan dela esan digute guztiek.Bakoitzak du bere lan egiteko modua, eta elkarrekin asko ikasi dute», adierazi du Ereintzako kideak.

Uztailean dute hurrengo ekintza. Herriko udalekuetan parte hartzen duten haurrei artilea nola lantzen den erakutsiko diete hainbat eskulangilek. Prozesu osoa ikasiko dute; ardiei ilea mozten zaienetik eskulangileek landu artekoa.

Etorkizunera begira, Errenteriako Erdiko kaleko hainbat lokal dituzte begiz jota. Eskulangileek euren lantegia edo saltokia jartzeko leku aproposa dela pentsatzen dute. «Nork daki? Agian hemendik urte batzuetara gaur egun eskoletatik haurrak hiru egun pasatzera baserrira joaten diren gisan, eskulangileak bisitatzera etor daitezke Errenteriara». Elkarteak lehen urratsak baino ez baititu egin, eta itxaropentsu begiratzen diote etorkizunari. «Jaio berriak gara, eta hau hasi besterik ez da egin. Pixkanaka egingo dugu bidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.