Espainiako Gobernuak legez arautuko ditu heriotza duina eta zaintza aringarriak

Martxorako legea prest izango dutela iragarri du Rubalcabak, eta argi utzi du xedea ez dela eutanasia arautzea

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak prest izango du martxorako heriotza duina eta zaintza aringarriak arautuko dituen legea. Hala iragarri zuen atzo Alfredo Perez Rubalcabak, Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Barne ministroak. «Ez da eutanasia arautuko duen lege bat. Gaixo hilurrenei sufritu gabe hil ahal izateko bitartekoak bermatzea da helburua», adierazi zuen Rubalcabak.

Europako hainbat herrialdetan jada badira horrelako legeak, eta Espainiakoa horien antzekoa izango dela aurreratu du Rubalcabak. Frantziako legea jarri du eredu gisa: «Oso lege egokia iruditzen zaigu». Legea aurkeztu aurretik, 2007an abian jarritako zaintza aringarrien inguruko estrategiaren emaitzak aztertuko dituzte.

Legeak, besteren artean, osasun profesionalen, gaixoen eta haien senideen arteko harremanak arautuko ditu. «Guztien eskubideak bermatuta nahi ditugu. Izan ere, gaixo hilurren batek ez du atzera bueltarik, eta aurretik duena gurutzebide bat da. Gaur egun, ordea, gaixo horiek sufrimendurik eta minik gabe hiltzeko bitartekoak eskaintzen ditu medikuntzak. Horien erabilera arautuko dugu lege honekin».

Rubalcabak nabarmendu du «izugarrizko garrantzia» ematen diotela lege horri: «Espero dugu jende guztiak ulertuko duela lege honen helburua. Izan ere, guztiok bizi izan dugu gure inguruan halako egoera bat. Gure senide edo lagun bat hil egingo dela eta sufritu egingo duela jakitean, medikuari behin eta berriz galdetzen diogu ezin ote den hori saihestu».

Espainiako Heriotza Duinaren Aldeko Elkarteak ez du ongi hartu iragarpena. «Erabaki elektoralista bat baino ez da. Izan ere, lagundutako suizidioa despenalizatzen ez den arte, ez da ezer konponduko», iritzi dio Cesar Caballerok, elkarteko presidenteak. Haren ustez, «porrota» izan da Espainiako Gobernuak zaintza aringarrien inguruan hasitako estrategia .

Nafarroan orain hilabete

Nafarroako Parlamentuak urrian onartu zuen heriotza duina arautzeko lege proposamena.NaBaik aurkeztu zuen proposamena, eta alderdi guztiek sostengatu zuten, UPNk izan ezik. Eriari informazioa helaraztea nahiz haren erabakia errespetatzea du ardatz proposamenak; baita gaixoak artatu behar dituzten profesionalei betebeharrak ezartzea ere.

Lege proposamenean jaso dutenez, ezinbestekoa da eria ahalik eta gutxien sufrituz hiltzea. Horretaz gain, gaixo hilurrenak hurbilekoen ondoan hiltzeko eskubidea izan behar du, nahi duen informazioa jasota, sendabideei uko egiteko eskubidearekin, intimitatean eta bizi testamentuan bildutakoa errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.