Oparoa izan da 2011 zientziarentzat. Suitzako CERN instalazioetan egindako esperimentuek zeresan handia eman dute, ezusteak ere bai. Argitzeko geratu dira hainbat auzi. Bestalde, NASAren Kepler espazioko teleskopioak exoplaneta ugari aurkitu ditu, batzuk Lurraren antzekoak, eta bidea urratzen hasi da beste planetaren batean bizia topatzeko. Aurten berri ikusgarriak jaso daitezke alor horretan ere. Gure eguzki sistema, ordea, hobeto ezagutzen jarraitu nahi dute, eta oraintxe Marterako bidean da Curiosity ibilgailua. Haren misioaren arrakastaren edo porrotaren lekuko izango da 2012a. Aurtengo erronkak asko eta askotarikoak dira, haatik, zientziaren ozeano erraldoian. Biologia eta medikuntza, nanoteknologia… asko dira aurkikuntza esanguratsuak eman ditzaketen iturriak.
Higgsen bosoia
CERN laborategian (Suitza) Hadroien Talkagailu Handia (Large Hadron Collider) martxan jarri zutenetik fisika teorikoak prentsaren orrialdeetara egin du salto behin baino gehiagotan 2011. urtean. Unibertsoaren partikula guztien masa azalduko lukeen Higgsen partikularen bila buru-belarri ibili dira, eta urtea amaitu aurretik nolabait inguraturik daukatela jakinarazi dute; badakitela non bilatu behar duten, alegia; ikusi dutenik oraindik ezin esan, ordea. Aurtengo azken hilabeteetan jarraituko dute esperimentuarekin, eta zientzia komunitateak adi-adi erreparatuko dio Higgsen bosoia badela edo ez delaerabakitzeko esperimentuari. Edozein emaitza izugarri garrantzitsua litzateke fisikaren teorikoentzat. Bosoia badela berrestea lorpen itzela litzateke, baina ez dela frogatzeak ere itzal luzea utziko luke eta bide berriak irekiko lituzke unibertsoko partikulek masa zergatik duten argitzeko auziaren barruan. Fisikaren eredu estandarrean frogaturik ez dagoen teoria bakarra da Higgsen bosoiarena. Beharbada, 2012an zientziaren erronka handiena, nazioartean lor dezakeen oihartzunari dagokionez behintzat, Higgsen bosoia aurkitzea da.
Neutrinoekin bueltaka
Baina CERNeko instalazioetan egin dituzten esperimentuak ez dira soilik partikulen masa azaltzeko izan. Neutrino hitza gutxika gizarteratzen joan da, neutrinoekin egindako esperimentu batek hautsak harrotu baititu 2011n. Einstein oker ote zegoen? Zientzialari gehienek ez dute uste, nahiz eta partikula horiek argia baino azkarrago mugitzen direla erakutsi duten behin eta berriro errepikatutako esperimentuetan. Proiektu horretan parte hartu dutenek ere, ordea, euren zalantzak jakinarazi dituzte, baina esperimentuaren «hutsa» non dagoen ez dute argi, hutsen bat egon behar dela sinetsita. Baina ez balego? Gaur arte fisikaren eraikinari zutik eutsi dioten oinarriak aldatu egin beharko lirateke seguruenera, eta ate berriak zabaldu unibertsoari beste era batera begiratzeko. Einsteinen eta Newtonen teoriak zabaltzera behartuko luke emaitza horrek, ez baitago fisika modernoan teoriarik CERNeko instalazioetan egindako esperimentuaren emaitza azal dezakeenik. Hasi berri den urte honetan zientziak duen beste erronka garrantzitsu bat da hori: neutrinoen auzia argitzea.
Marterako bidean
Lur orotarako ibilgailu-robot handi bat da Curiosity, tona batekoa kasik. Zientzia fikzioko armiarma elektromekaniko bat dakar gogora haren itxurak. Auto txiki baten neurriak ditu eta sei gurpil; orduko 90 km-ko abiaduran joateko gai da. Marte orain arte ikertu den baino modu sakonagoan esploratzeko tresna bat da Curiosity, NASAren Mars Science Laboratory misioaren oinarria. Atlantis-en azken misioarekin batera transbordadoreen aroa amaitu zen urte berean jaurti zuen, Atlas V suziri batekin batera, joan den azaroan, Kennedy Space Centerretik (Cañaveral lurmuturra, Florida), eta aurtengo abuztuan iritsiko da Martera, 570 milioi kilometro egin ondoren, eta arazorik ez bada. Ia bi urtez (Lur planetako bi urte, Marteko bat, 686 egun) planeta gorriaren Gale kraterraren inguruak ikertuko ditu, betiere uraren arrastoaren bila, onarturik baitago urik gabe bizitza ez dela posible. Rover horrek lortzen duen informazioa aurtengo bigarren zatian hasiko da iristen. Curiosity-k lortzen duen informazioaren zain-zain egongo dira zientzialari asko. Marteri buruzko ezagutza izugarri handitu daiteke.
'Kepler', exoplaneten bila
NASAren Kepler espazio teleskopioa martxan dagoenetik ehunka dira aurkitu diren exoplanetak; gure eguzki sistematik kanpo dauden planetak, alegia. Bizitzarako egoki izan daitezkeen planeten ehiza aspaldian hasi zen, baina azken hilabeteetan hautagaien zerrenda asko handitu da, Kepler misioaren eraginez. Iaz, urtearen amaieran, NASAk iragarri zuen bizitzarako egokitasunaren eremuan aurkitutako lehen exoplaneta identifikatua duela: Kepler-22b. Gure Eguzkiaren antzeko izar batean orbitatzen duen planetarik txikiena da orain arte aurkitu dituztenen artean. Lurretik 600 argi urteetara dago, gure Eguzki sistematik at. 290 egun ematen ditu bere orbitan izarraren inguruan, eta Lurraren erradioa halako 2,4 da harena. Oraindik ez dakite arrokazkoa, gasezkoa edo likidoa den. NASAk, izan ere, 50 hautagaitik gora ditu bizitzarako egokitasunaren eremuan sartzeko, baina oraindik berretsi gabe. Aurten bizitzarako egokitasunaren eremuan exoplaneta gehiago aurkitu dituen argitu beharko dute.
Giza genoma interpretatzen
Biologiari ere arreta handia jarri beharko zaio 2012an, azken urteetan bezalaxe. Giza genoma aspaldian deskodetu zuten, eta genomak ematen duen informazioa interpretatzen dihardute zientzialariek orain, giza gorputzaren funtzionamendua ulertzeko. Ulermen hori handitzen den heinean, medikuntzan aurrerapauso handiak emango dira —ematen ari dira jada—. Esaterako, minbiziari aurre egiteko terapia berriak azalduko dira seguruenik, eraginkorragoak. Lan izugarria da genomak ematen duen informazioa interpretatzea, eta mantso joango da prozesu hori guztia. Aurten, ordea, aurrerapauso batzuk egongo direla uste dute biologo askok; zenbaterainokoak izango diren da kontua. Ezin da ahaztu Sciencie aldizkariarentzat zientzian 2011n izandako aurkikuntza garrantzitsuena medikuntzaren alorrean izan dela: hiesaren aurkako erretrobirusen aurkako terapia, HPTN052 nazioarteko proiektuaren barruan.
Etorkizuna nanoz idazten da
Bestalde, nanoteknologia aurrerapen teknologikoaren ordezkari nagusietakoa izan da azken urteotan, eta 2012an ere martxan dauden hainbat proiekturen berri jakingo dugu. Kostia Novoselovek eta Andre Geimek (Nobel saridunak) grafenoa sintetizatzea lortu zutenetik, gai hori oso propietate bereziak dituela ikusi dute, ahalmen handikoak. Grafenoarekin diseinatutako telebistak, ordenagailuak eta beste tresna batzuen prototipoak ikusiko ditugu aurten, agian. Baliteke grafenoaren propietateek —gogortasuna, malgutasuna, eroaletasuna— beste iraultza teknologiko bat ekartzea. Donostiako Nanogunean, Graphenean, material hori ekoizten dute, eta, beraz, albistearen iturri izan daiteke beste behin ere Nanogunea.
Ezarian. Zientzia
Esperantzaz beteriko urtea
Zientziak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu hainbat alorretan joan den urtean, eta 2012 hasi berrian aurkikuntza horietako batzuk berretsi egin beharko dira. Neutrinoak, Higgsen bosoia, 'Curiosity' ibilgailua Marten… Ikusmin handia dago proiektu horien inguruan zientzialarien komunitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu