Roberto Fernandez. Langabea

«Esperientzia nahi dute enpresariek»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
44 urte beteta, eta horietatik azken laurak langabezian egin ditu Roberto Fernandez bilbotarrak. Madrilen eta Valladoliden kokatuta zegoen Microserve enpresan jardun zuen zazpi urtez, harik eta multinazional batek zuzendaritzako ardura hartu, ekoizpena Txinara eraman eta Espainiako bi lantokiak itxi zituen arte. Ordutik ez du lan egonkorrik topatu: «Batean edo bestean aritu naiz lanean, baina segidarik gabe, hilabete bateko lanak, edo asteetakoak», dio. Jaioterrira itzuli, eta bertan topatu nahi du zerbait, «atzerrira lan bila joatea ez da irtenbidea, hemen baikaude,eta hemen konpondu behar baitira arazoak».

Eta berak bere egoera konpondu nahi du. Horretarako, ikasten buru-belarri dabil. «Dagoeneko 17 ikastaro eginda dauzkat, bide horretatik lana topatu ahal izateko. Euskaltegiko irakasleak dio ikastarozale bat naizela». Euskararekin ere jo eta su ari da Bilboko Gabriel Aresti euskaltegian. Baina egoera zaila da, «enpresariek ez dituzte ikastaroak nahi, esperientzia baizik». Eta berak ildo horretan ezer gutxi lortzen du, ez badira epe motzekoak, eta ikastaroarekin batera doazen praktikak. Gainera, adinak ere ez dio asko laguntzen, «gaur egun badirudi 30 urterekin zaharra zarela, eta lanak ez dira sei hilabetezbaino gehiagoz luzatzen. Sekula ez bizi osorako». Egoera zailean dagoen arren, berak garbi du ikastaroak egiten jarraituko duela. Atzo bertan, esaterako, Elgoibarren hasi zen automatismoko ikastaro bat egiten.

Bistan denez, lan merkatura itzultzeko ahalegin betean dago Fernandez. Baina, horretarako, laguntza ekonomikoa behar du. Duela lau hilabetetik, esaterako, Espainiako Gobernuak duen Plan Prepara programatik 450 euro jasotzen ditu. «Lanera itzultzen laguntzeko da, baina ez du balio». Bi hilabete falta zaizkio laguntzaren epea amaitzeko, eta ez du uste lanik lortuko duenik, «ez daukat esperantza handirik», dio. Egoera zailean dagoen arren, badu non babestu: Erandioko langileen batzarrean, eta laguntza sozialen batzarrean. «Astelehenero batzar irekietara joaten naiz, eta bertan elkar laguntzen dugu».

Babes horri esker iristen da Fernandez hilabete amaierara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.