Ostiralean inauguratu zuten Ordiziako Barrena kultur etxean Triangelu erakusketa. Eta gaur itxita egongo bada ere, bihartik urriaren 7a bitartean hausnarketa bultzatu nahi duten hainbat artistaren lanak ikusi ahalko dira.
Javier Sotok bere margoetan begirada baikor bat azaldu nahi du, betiere naturarekiko errespetua erakutsiz. Iker Vallek Paul Valeryren hitz batzuk hartu ditu bere lanen gaineko pentsamendua adierazteko: «Ikusmenaren bidez sartzen zara zure kabuz artearen gozamenera, eta ideiaren bat iradoki behar da, ideiara jo zentzuen bitartez». Jesus Lopez Zuluetak bi marrazki aurkeztu ditu, oihaleztatutako euskarri baten gainean egindakoak. Baita brontzean urtutako bi eskultura ere. Michele Neurrissek indar handiko obra abstraktuak eraman ditu Ordiziara, arte primitiboaren eragin nabarmenarekin. Patxiku Gimonek Euskal Herriko eszenak margotzen ditu bere koadroetan, nekazaritza girokoak. Ricardo Pascualek oihal gaineko olio pinturaz egiten ditu obrak. Peio Goiello izarren argiarekin dago liluratuta, eta izarrez betetako zeruak margotzen ditu. Jose Luis Elexpe Pelex-ek, berriz, hutsuneak eta hormen joan-etorrian doazen talka hotsak sentimendu bihurtzen ditu.
'TRIANGELU' ERAKUSKETA
Non. Ordiziako Barrena kultur etxean (Gipuzkoa).
Noiz. Bihartik urriaren 7a bitartean zabalik.
Estilo ezberdinak areto berean
Soto, Valle, Lopez Zulueta, Neurrise, Gimon, Pascual, Goiello eta Pelexen obrak daude ikusgai Ordizian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu