Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Estreinaldi musikala

Txori Barroteren 25. urteurreneko kantua ezagutaraziko du Ze Esatek taldeak gaur gauean Euskalgunean

Eigen System taldeak jendetza bildu zuen astearte gauean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Planto egunak atzo Areatzako txosnetan sortutako isiltasuna hautsiko da gaur goizean goizetik. Aste Nagusiak asteburua ate joka du, eta biharko jai egunaren bezperan jendetza espero dute ostegun honetan. Euskalgunean, Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau, Eguzkizaleak eta Txori Barrote konpartsek osatzen duten txosnan, gauean kontzertu berezi batek dantzaraziko ditu festa bila bilduko direnak: Ze Esatek taldeak Txori Barroteren 25. urteurrena ospatzeko sortu duen kantua aurkeztuko du.

«Okilek kolpe ta kolpe / lanari ekin diote. / Txioka zera diote: / Aurrera Txori Barrote», dio kantuaren leloak. Etxahun Lekuek idatzi du presoen argazkiak erakusteagatik txosna jartzeko debekua duen konpartsaren alde. Gaurko kontzertuan ez ezik, taldeak kaleratuko duen hurrengo diskoan entzun ahal izango da.

Beste hainbat txosnatan bezala, Euskalgunean ia gauero egoten dira kontzertuak, egitarau ofizialak jasotakoaren osagarri. Igandean ekin zioten, Filibusters eta La Gossa Sorda taldeekin. Ordutik, oro har, gauero lortu dute kontzertu garaian ingurua jendez betetzea. Beste Bat taldearen erromeria arrakastatsua izan zen. Asteartean, Eigen System, Mendeku Itxua eta Luz de Putas taldeek sekulako jendetza erakarri zuten. Goizaldean ere, euriak eta ekaitzak baimena eman duten tarteetan, parrandazalez bete da.

Txikiak nagusi

Edonola ere, Euskalgunean ez da girorik faltako txupinerak gaurkoari dagokion suziria pizten duen unetik bertatik. Egunero bezala, goizez umeen lurralde bihurtuko da txosnetako bazter hori, gurasoak ajeari eusten saiatzen diren bitartean.

Puzgarriak eta tailerrak antolatu dituzte etxeko txikientzat; etorkizunean ere Aste Nagusian giro euskalduna egongo dela bermatuko duten horientzat. Mahaiko futbol zelai erraldoi baten itxura duen puzgarriak izango du arrakastarik gehien, aste osoan gertatu den bezala. Athleticek harrobi oparoa dauka txosnetako Euskalgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.