Gogotsu itxaron dut asteon eman den estreinaldi bat: Escépticos izena du saioak, ETB2n jartzen dute, eta sinesmen sasi zientifiko hedatuenak ezbaian jartzeko entsegua da. Dibulgatibo adjektiboa mereziko luke, baina etiketak gehienetan dira kondena bat, ezer azaltzeko ahalegina baino gehiago. Urtarrilean probako saio bat egin zuten, gizakiaren ilargiratzeari buruzkoa, non desmuntatzen ziren ilargirako bidaia desmuntatzen duten akusazio bat eta bakoitza. Astelehenean ekin zioten, azkenik, denboraldiari.
Eta kontuan izateko lehen saioa iruditu zait, jarraitzeko modukoa. Osasunaren arloan, terapia alternatibo esaten diegun horien gainekoa izan zen; bai, osteopatia, aromaterapia, erreflexoterapia, Bach loreak, akupuntura, homeopatia (hedatuena denez, saio oso bat eskainiko diote aurrerago). Medikuntza konbentzionalean sartzen ez direlako esaten zaie alternatibo, zientziak orain artean eraginkortasunik ziurtatu ez dielako. Baina, lehen Escépticos hau ikusita, garbi geratzen da gauza bat: alternatibo baino gehiago osagarri esan beharko litzaiekeela, eta inoiz ez ordezkagarri.
Erraz ikusten da zergatik. Saioan zehar hainbat terapia kontsultatu eta probatu ziren, tartean reiki izenekoa, eskuak gorputzean zehar ezartzearen bidez gaixoa sendatzen omen duen teknika. Bada, terapeutak galdetzen du: «Zer gertatzen da minbiziarekin? Beren energia orekatu ez duten pertsonak gaixotzen dira, kanporako gehiegi egon direnak, eta barrurako gutxitxo. Gibeleko minbizia haserrekorrak izan dezake; eztarrikoa, gauza asko isiltzen duenak». Badakizue, beraz, eztarriko minbizirik izan nahi ez baduzue, atera lehenbailehen barruan daukazuen hori. Horien aldean, zientziaren ordezkari, Pedro Miguel Etxenike, Juan Ignacio Perez Iglesias eta beste. Jose A. Perez, saioko zuzendaria, ezagutzen genuen aurretik, jarraitzen, eta nabari da haren eskua tarteka sartzen diren telebista irudi zaharretan. Adibidez: Cantinflas medikuarena jokatzen, Camilo Jose Cela litro bat ur uzkitik xurgatzeko abilidadeaz berbetan. Aurkezlea berria da niretzat, Luis Alfonso Gamez, El Correo-ko kazetaria, baina emango diogu beste aukera bat, hasierako protagonismoak uxatzen dituen. Gomendio bat, halere: kasu, planoan sartu-atera dabiltzan mikrofono horiekin, egunen batean kolpea jasoko baitu elkarrizketaturen batek.
Komunikazioa. Ekografiak
Eszeptikoarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu