Zikloa ixtear gaude. Eguzkiak bere izpirik onenak helarazi dizkigu jada; hala ere, ortuak oraindik bete-betean egoteko moduan daude: mota guztietako azak, azaloreak, brokoliak, porruak, eskarolak, espinaka, zerbak, borrajak, tomateak (akaso!), piper txorizeroak… Indabak ere, berri-berriak; kalabazak, onenean; fruta, ugari. Urriak nondik hartu zuen izena ez dakigu, jaki aukeragatik ez da izango! Kontua, hori bai, generoa ondo gordetzean datza. Oro har, gordetzeko diren elikagai freskoak eguzkitik babestutako leku lehor eta aireztatuan jarri behar dira, eta ondo sikuak jaso; egutegi biodinamikoari kasu eginda bada, hobe. Kalabazak 15-17 graduren bueltan ederto daude (hobe 10-12), baita hezetasun apur batekin ere. Aldi berean, komeni da hotzari eutsiko ez dioten ortuariak lehenengo leiak heldu aurretik batzea.
Horrezaz gain, bazterrak garbitu, geratzen diren landare zaharrak batu, egurra sartu eta lurra soberan daukanak ongarri berderen bat erein dezake. Urri bukaeran erein daitezkeen ilar, baba beltz eta berakatzak antolatuta, landaketak egiteaz ahaztu, bederen, estalpean ez bada. Udaberriari begira, baserritar batzuek, labore arin bat eginez, lurra zati handitan apurtzen dute, neguko hotzak txikiagotu ditzan. Beste baserritar batzuek nahiago dute hurrengo udaberrira arte itxaron.
Hori guztia gutxi balitz bezala, fruta arbolen hosto guztiak jausi direnean, kimaketa egiteko garaian egongo gara. Zuhaitzak berreskuratu du hostoetatik ahal zuen guztia, eta, gainera, egitura agerian gelditu da. Hilbeheran egin; ez kendu larregi (ez da komeni urtero laurden bat baino gehiago kentzea, ez bada kiwi edota mahatsaren kasuan: horiei kimaketa galanta egiten zaie). Gaixotasunen zabaltzea saihesteko, zuhaitzetik zuhaitzera guraizeak garbitu alkoholez; noski, pazientzia izanez gero! Eta, ez ahaztu! Frutadiak ongarritzeko garaia ere bada.
Nekazaritza ekologiko, biologiko edo organikoa lurraren emankortasuna eta ekosistemen eta gizakien osasuna mantendu eta indartzen duen elikagaiak ekoizteko eredua da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta lekuan lekuko zikloetan oinarritzen da, kutsadura eragingo luketen kanpo baliabideak baztertuz. Horregatik, nekazaritza ekologikoaren teknikak muzin egiten die ongarri kimiko, pestizida, genetikoki eraldaturiko organismo eta, oro har, naturalak ez diren bestelako gai sintetikoei.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Eta udazkenean baserrian zer? Hego haize, zoro haize
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu