ETBk larunbatean grabatuko ditu Urtezahar gaueko kanpaiak, Donostian

'Wazemank'-eko aktoreek emango diote ongietorria 2011ri ETB1en, eta Ibon Uzkudunek ETB2n

Wazemank-eko aktoreak Urtezahar gaua ospatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Urtezaharrean Donostia ikus dadila nahi du ETBk. Eta Gipuzkoako hiriburuko udalaren eta Europako Kultura Hiriburua 2016 hautagaitzaz arduratzen den San Sebastian Film Comissionen laguntzarekin, festa berezia antolatu dute larunbaterako. Udaletxe aurrean eta Alderdi Ederreko lorategietan grabatuko dute Urtezaharreko saioa ETB2rako. Ibon Uzkudun kazetaria izango da gidaria, eta festan Fangoriak, We Are Standard taldeak eta Nena Dacontek parte hartuko dute. DJ Alex del Torok girotuko du festa.Herritarrei zabaldutako deialdia 19:30etarako egin dute. Euria egiten badu, Bataplan diskotekan egingo dute jaia. Azpiegitura baliatuz, ETB1eko kanpaiak ere larunbatean grabatuko dituzte; azkeneko urteetan bezala, Wazemank-eko aktore taldeak emango dio ongietorria urte berriari: Anne Igartiburu eta Julian Iantzi imitatuz emango dituzte kanpaiak. Gero, Anjel Alkainek gidatutako umore saioa «musikaz beteta» iritsiko da, kantuan jarriko dituzten pertsonaiekin.

Benetako Igartiburu TVEn

TVEko Urtezaharreko kanpaiak Anne Igartiburu aurkezleak eta Jose Mota umoristak emango dituzte. Aurretik, Motak Espainiako politikariak imitatuko ditu Estamos contentos? izenburuko saioan; Cuatron, Tonterías las justas saioko kideek ospatuko dute Urtezaharra, Florentino Fernandezek gidatuta; La Sextan, Bertok eta Ana Morgadek emango diote ongietorria 2011. urteari; eta Antena3en, Jorge Fernandezek eta Sandra Daviuk; Tele5n, Sálvame saiokoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.