KOMUNIKAZIOA

ETBko langileei «joko zikina» leporatu die Alberto Suriok

EITBko administrazio kontseiluko bileran ohartarazpenak ez dituztela kenduko esan du zuzendari nagusiak

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Intentzio txarra, heldutasun eza eta joko zikina» leporatu die ETBko langileei Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak administrazio kontseiluko bileran. Horrez gain, Jasone Agirre eta Maite Zurikarai kazetariei egindako ohartarazpenak ez dituztela kenduko berretsi du. Ohartarazpen horiek kentzeko eskatu diote EAJko ordezkari Luke Uribe Etxeberriak eta agente sozialetako ordezkariek, «tentsioa gutxitzen» lagunduko lukeelako. Suriok, aldiz, ohartarazpenak mantenduko dituztela esan du eta garrantzia kendu die. Zurikarairi ohartarazpena «eguerdiko Teleberri-rako albistea ez egiteagatik» eta Agirreri «gertatutakoa zabaltzeagatik» egin diete. Oharatarazpenak ez direla zigorrak azaldu du Suriok. Behin behineko erredakzio kontseiluarekin harremanak hautsiak ditu zuzendaritzak.

Idigoras babestu du PPk

Bilerako eztabaidan, erakunde sozialak ordezkatzen dituzten kideek atzo hainbat egunkaritan argitaratutako testuko edukia berretsi zuten. «EITBren arazoez arrangura» titularpean, Iñaki Garcia Arrizabalagak, Jose Luis Lizundiak, Josu Onaindik eta Jose Ignacio Perez Iglesiasek «alderdikerietatik urrunago» egotea agintzen zioten EITBko zuzendaritzari. Ordezkari horiek, administrazio kontseiluko bileran, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak El Correo egunkariari emandako elkarrizketan esandako hitzak gogor salatu dituzte. PPk espreski babestu ditu eztabaidan bai Idigoras bai Juan Carlos Viloria; PSEk, berriz, zuzendaritza babestu du bere osotasunean.

Viloriaren defentsan aritu da Surio, eta urriaren 25ean gertatutakoa haren lehen eginkizuna zela jarri du aitzakiatzat. «Behar bada mekanikak ez zituen ezagutzen», defendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.