Jaiak. Barañain

Etenik ez duen bost eguneko festa

Aurten ez da zezen ikuskizunik izango Barañainen; ekainaren 27tik uztailaren 1era ospatuko dituzte festak

Buruhandiak, Barañaingo kaleetan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Inoiz baino ozenago. Hori da Barañaingo (Nafarroa) Jai Batzordeak aurtengo festetarako aukeratutako leloa. Mezu aproposa, Udalak eta herriko taldeek hilabeteak daramatzatelako festak prestatzen. Ekainaren 27tik uztailaren 1era ospatuko dira Barañaingo jaiak, baina jada aditu daiteke jai giroaren hotsa. Bost egunerako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: udalak egitarau ofizialean eta Jai Batzordeak herri programan.

Udalak azaldu duenez, aurten murrizketa nabarmena izan da aurrekontuetan. Iaz 86.400 eurokoa izan zen festetarako erabilitako diru kopurua, eta aurten 50.990 eurokoa izan da. Dena den, festen iraupena ez da aldatuko, eta asteazkenetik igandera arte izanen da gozatzeko aukera. Murrizketek, baina, badute eragina, eta, ondorioz, zenbait ekimen kendu egin dituzte. Aurten, Barañainen ez da egonen zezen ikuskizunik, krisi ekonomikoa dela eta. Hala, 5.800 euro aurreztuko dituzte herritarrek.

Barañaingo Jai Batzordeak programa propioa prestatu du.Herriak herriarentzat egindako festen alde egin du: «Jai parekideak, euskaldunak eta ingurumenarekin begirunez jokatzen dutenak nahi ditugu. Autogestioan eta kontsumo arduratsuan oinarritutakoak». Udalak jarritako «traba eta oztopo» guztien kontra azaldu da Jai Batzordea. Horregatik, herritarrek ematen dioten babes eta indarrari esker, inoiz baino herri programa «zabalagoa» aurkeztu du.

Denentzat gozagarri

Jaiak, ohitura den bezala, suziria lehertzearekin batera hasiko dira. Alkateak erabakitzen dutxupinazoa zeinek botako duen, eta aurten Barañaingo institutuko zuzendari Luis Alberto Andiaren esku egonen da ardura hori. Festei hasiera emanda, ekitaldi asko izanen dira, egitarau oparoa antolatu baitute.

Zezensuzkoa gauero aterako da, 22:30ean, Sahats ikastetxeko patiotik. Era berean, egunero kalejirak eta euskal dantzen ikuskizunak eskainiko dituzte. Txosnetan, estilo askotariko kontzertuak egonen dira, besteak beste, rock musika, punka, trikiti kontzertua eta dantzaldia izango dira. Musikazaleentzako aukera handia entzungai, beraz: Itziarren Semeak taldea izanen da asteazkenean, eta Kezkarik Ez larunbatean.

Ostegunean akelarrea eginen dute, urtero bezala. Zale ugari ditu jada ikuskizunak; Barañaingo sorginen biltzarrera Iruñerriko jende asko hurbiltzen da, errituaren magiak liluratutik. Gainontzeko ekitaldiek ere bat baino gehiago sorginduko dute,asteburuan plana prest dagoelako festazaleentzat. Kalderete lehiaketa da ekintza nagusia, baina ez da eguneko bakarra izanen, haurrentzako entzierroa eta pilota txapelketa ere egonen dira.

Barañainen txosnak jartzeak ika-mika sortu izan du aurreko urteetan. Batez ere, txosna gunearen kokapena izan da desadostasuna piztu duena. Kolektiboek jai herrikoiak ospatzeko gune «duin» bat eskatu dute, eta aurten pozik azaldu dira lortutakoarekin: Txosnak Alaitz eskolako patioan muntatzeko baimena lortu dute. Horretarako, Jai Batzordeak eta Udalak akordioa egin dute.

Puntu garrantzitsuenak arlo ekonomikoari dagozkionak dira. Txosnak ireki ahal izateko, 4.000 euroko bermea eman behar izan du Jai Batzordeak. Era berean, asegurua egitera eta kalea erabiltzekobaimena ordaintzera derrigortuta dago. Akordioaren nondik norakoak onartuta, azkenean, kolektiboek eskatutako tokian jarriko dituzte txosnak, Alaitz ikastetxeko patioan. Baina adostutakoa bete ezean, aurrerantzean ez dute txosnarik jartzeko baimenik edukiko.

Jai Batzordeak udalaren jarrera salatu du, aurreko urteetako isunei, aurten «milaka euroko» bermea eta zerga berriak batu zaizkielako. Gaineratu duenez,txosnak irekitzeko ordutegia murriztera behartu ditu udalak, eta baldintza orokorrek okerrera egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.