Komunikazioa. Ekografiak

Etorri bezala

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Telebistan, egun guztian izango zen presente gaia. Urtero gertatzen da martxoaren 8an. Hasi albistegietatik eta mahai-inguruetaraino. Erreportajeren bat edo beste, elkarrizketak eta egungo egoeraren analisia. Zenbaitzuk izandako hobekuntzaren defentsa usainez, bestetzuk egiteko dagoen bidearen aldarriz. Pentsa zenbateraino aurreikus daitekeen urtero atzoko egunez gertatua, testu hau astelehenean idatzia baita.

Ohikoa da esana: urteko egun guztiek behar luketela halako egoera baten aurkako borroka. Antzuak dira egun bateko fokuak, kamerak eta mikrofonoak. Antzuak, ez baitira sinesgarri telebistako kateen egunerokoari so jarriz gero. Bezperan, biharamunez eta baita atzoko egunez ere, ia hogeita lau orduko eskaintzak esanahi gehiegi baitu. Aztertzekoa da telebistako saioetan zein mezu eta irudi itsasten zaizkien gizonei eta zein emakumeei. Itxurari dagokionez, emakumeak ederra behar du. Argalak, finak, politak eta zainduak behar dute edozein albistegi edo saiotako kazetari eta kolaboratzaileek. Gizonengan, berriz, garrantzitsuago jotzen da itxura profesionala iradokitzea. Goiz eta arratsaldetako saioetan, etxeko andreentzat omen diren horietan, emakumeak gidari. Irribarre samurrez ageri dira, beste behin, etxeko ordu horiek nork bete behar dituen iradokiz. Prentsa arrosa deritzon fenomenoak ere gune horietan du tartetik handiena. Famatuen artean, platoetan zein handik kanpo, noski, emakumeak dira nagusi, bitxi deigarri, jantzi dotore eta gorputz ezin hobez. Ikus-entzuleengan desioa pizteraino. Eredu horren eraginez, besteak beste, zenbat aldiz pentsatzen du sexuan pantailaren aurrean jartzen denak? Atera ote genezake horrekiko ondorioren bat ikus-entzuleen sexuaren arabera? Eta sexuan pentsatzean, zein da emakumeari ematen zaion rola?Badaezpada ere, ez ditut hona ekarriko maiz entzun izan ditudanak, baina ez dira kasualitateak eraginak. Eta fikziozko film eta telesailetan, zein da eskaintzen den eredua? Zertan ageri dira batzuek eta besteak? Zein roletan?

Etorri bezala joango zen martxoaren 8a. Plastikozkoak izango ziren zabaldutako mezuak. Ostera, aukera ezin hobea galduko zen errealitatea zein den salatzeko eta egiaz barneratu beharko genituzkeen balioak transmititzeko. Nola ez, gero, beste urtebete izango dugu hainbat albisterekin damutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.