Maratila

Etxe pareko pinua

Ane Muñoz.
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Maiz kexatu izan naiz etxe pareko paisaia zoragarriaz erabat gozatzea oztopatzen didan pinu erraldoi horrek nire begi ikusnahiei egiten dien trabaz. Jaizkibelgo mendi zabal ederra baitaukat aurrean, eta zera, pinu zahar horrek erdia estaltzen dit, argi dezente kendu, eta, besteak beste, udako iluntzeetan eguzkia mendi atzean nola ezkutatzen den ez dit ikusten uzten. Aitortzen dut askotan amestu dudala egunen batean ditxosozko pinu hori desagerrarazteko aukerarekin. Bestalde, ez nuke sekula deus egingo hura erditik kentzeko, hasteko, neu baino askoz lehenagotik baitago auzoan. Nirea amets bihurri bat besterik ez da.

Ba aurreko astean, etxean goxo nengoela, ikaragarrizko zarata entzun nuen kalean. Balkoira hurbildu, eta han non topatu nuen sudur aurrean garabi handi-handi bat, soka luze batez etxe pareko pinu zahar erraldoi horri eusten. Beherantz begiratu, eta hara, pinuaren oinean, moztaile sasoitsu bat, dena emanda, enborrari ñiii-ñiii zerra elektriko horietako batekin. Sarraskia amaitutakoan, mendia zeharo garbi eta gaur arte etxetik ikusten ez zen padura zabala miresteko aukera izan nuen, lehenengoz. Aupa, hura zen argia, eta horiek bistak!

Biharamunean, berriz, pinua falta zitzaidan; babesik gabe nengoen, nolabait. Jakina, nobedadea pasata...

Batzuek diote auzokideren batek eskatuta moztu dutela; besteek gaixorik zegoela, sustraiak lur azpian zabaldu eta errepidea erdibitzekotan zebilela... En fin, urteko zein garai den kontuan izanik, bat-batean bururatu zait ez ote zuen handinahi harroputzen batek Eguberriz janztekotan bere lorategira eramango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.