Butagaz gas botila markak asmatuko ez lukeen oihartzuna lortu zuen Heletan atzo goizean. EHZ jaialdiaren bigarren egunaren lehen notetako batzuk bota zituzten musikariek izengoiti hori hautatua dute bere taldearentzat, ortografia euskaldunduz. Bu Ta Gaz, begi keinu umoretsu bat, Su Ta Gar taldeari, haien kantuak hartzen baitituzte. Gitarrak eta ahotsa lagun, bateria grabatuarekin, kantu ezagun guztiak ematen ditu taldeak, diren bezala, ahotsaren soinuraino kasik.
Begi bistakoa denez, kantu horiek maitasun handiz ematen dituzte. Eta ez dira bakarrak. Plazan multzo polita osatu da inguruan, denek buruz ezagutzen dituzten kantuak orroz ematen. Berez, ez ziren sartzen egitaraua ofizialean Bu Ta Gaz taldekoak. Baina azken mementoko ezustekoa eman dute. Ezusteko onuragarria denentzat, baita taldekoentzat ere. Jada Eibarretik batzuk hurbildu zaizkie ea hango ostatu batean jo dezaketen. Eta haiek, nolaz ez erran horri, beren jainkoen santuarioan.
Su ta Garren soinuen gisara, beste etxeko soinu anitzek elkar gurutzatu zuten atzo Baxenabarreko herrian. Iparraldeko konpilazioko kide diren taldeek animatu zuten beren gisan, sartze ondoan dagoen kolektiboen eszena, hor ere, zenbait miresle amorratuen plazera asez. Atzo eguneko bero eta eguzki indartsupean musika entzuten gelditzeko, zinez gose izan behar zuten entzuleek.
Zegoen itzal apurrean ardiak bezala metaturik zeuden ahal zutenak, baina lekuak garesti ziren biziki. Beti okupatuak. Itsasoa ostatu aitzinean ezarri ihiztagailuen azpitik bat baino gehiago irakite egoeratik salbatu ahal izan zen, halere. Gorputzak busti, hezurretaraino. Ur tanta apur horiek itsasoko uhinak bailiran.
Igerileku bat amesten eta irudikatzen aritu ziren beren aldetik, Erregelu pilota plaza aterpetuan. Egoitzaren freskotasunaz gain, Antton Luku irakasle, idazle eta antzerkilariak egin zuen metaforak aitzinean zituen belarri guztiak ur azpian sartu zituen.
Besta bai, gogoeta ere bai lemapean, laborantza, Kurdistango kultura, Palestina, euskal kultura eta beste jorratzeko hainbat hitzaldi prestatuak zituzten atzokoan. Eta, beraz, delako igerilekua izan zuen aipagai Lukuk.
Azkenaldian frango gogoetatzen bada euskal kultura izan ote daitekeen euskararik gabe, hark, alderantziz hartu zuen gogoeta. Zer harreman du kulturak euskararekin? Ikusten ote da hizkuntzan kulturaren eragina? Kulturaren aberastasunean? Adierazkortasunean? Lukuk, euskara bera zuen igerileki bilakarazi. Orain arte, igerileku txiki batzuk bazirela deritzo Lukuk: «Bata bestetik biziki urrun. Eta igerika ari ginen euskaraz putzu horietan. Bazen aski ur, beren koherentzia bat zuten». Orain, hautsi ditugu murruak, haren iduriko: «Igerileku handi bat egin dugu. EHZ, AEK, Seaska eta hori guztia... Baina ur gehiago ez da. Denak gara igerileku berean, euskalkirik ez da gehiago gure artean, ur oso guti da horren zolan, eta ez gara igerika hartzen ahal barne horretan». Orduan, jauzika ari gara: «EHZ bat egiten dugu noiztenka, eta ziliportak goiti joaten dira, baina biharamunean berriz jausten dira».
Idorte egoera horren erdian, ura ekarri behar da Lukuren ustez, praktikaren bidez: «Sorkuntzatik. Baina zinez gure intimitatearekin egiten duguna. Gure barne koherentziaren ukaiteko, egiatik abiatuz». Eta horrek eginen du, «elkarrekin igerika egiten ahalko dugula». Lukuri batua zaio interesatzen, «baina gustatzen zait euskalkietan gordetzen den euskara hori». Trinkotasun hori. Espresibitate hori.
Eta hori nola berreskuratu? Edo eskuratu sinpleki? Ez da nostalgia kontu bat, garai batera itzultzearen kontua, baina «ikasi behar da aita bizi deno. Egin behar baldin badugu dena, ukanen dugu anitz lan. Eta euskalkietan, erran nahi baita jendearen mintzoan, bada anitz errekuperatzeko. Sorkuntzarako balio duen materiala». Lana egina da Lukurentzat. Adibidez, bertso eskoletan. 8 urtetan bertso eskolan sartzen den haur bat, 16 urtetan uzten badu ere, egin du euskal hizkuntzarendako, nehork bere inguruan egin duena baino gehiago, pentsatzen du Lukuk: «Baina non herritartzen da hori? Non atxikitzen dugu hor egin den lana? Egiten da, baina gauza hori ez da arras kontzientizatua, eta lerratzen gara frantsesera batzuetan, preseski, espresibitate eskas horrengatik», eta hori da, hain zuzen, praktikaz biltzen, eta ez legeak.
Ostiralean, ia 7.00 sartze
Praktika aldetik, justuki, atzoko egunean euskarak leku berezia izan zuen EHZn. Agian ez ur handietan, baina bai izerdi patsetan, nolazpait igerika aritu ziren adibidez, Erregea eta Bufoia, Itsasoa ostatuan entzule izerdituez gainezka. Etsipen eta esperantza artean haiek ere, alde batetik bestera igerika. Batetik Sustrai Colina bertsolaria, eta bestetik Ander Lipusen pertsonaiak. Umore onez, Ken Zazpi parafraseatuz, Ilargia, itsasoa eta a-rekin bururatzen ziren hainbat hitzekin jolasean.
Hortik laster, egiazko Ken Zazpik zuen piztu eszena handia. Split 77k hartu zien lekukoa. Bi taldeak, bizkaitarrak. Justu aitzin, Lapurdi eta Baxenabarreko musikariak biltzen dituen Xutik taldeak bere gisan izerdiz busti zituen bazterrak.
Musikaz gain, dantzak ere ukan zuen bere espazioa. Dela Kukaien Soka 2-k edota espresuki jaialdirako osatu Gaia sorkuntzarekin, Lagun arte konpainiarekin. Teilatu eta murruetan dilindan, zuriz margotu bisaiek publikoa harriturik utzi zuten. Gaur ere berriz ariko dira, 13:00etan. Hots, euskal eszena aberats bat aldizkatu zen atzokoan EHZn, ostiral gauen 16. saioa estreinatu zuten Morcheeba, Goran Bregovitch eta I Am taldeen indar dantzagarriak piztu giro berotuari oihartzun eginez, ahalgerik gabe.
Ostiralak 6.900 lagun bildu zituen, pentzea betez, eta antolatzaileak kontent utziz. Halere, iduriz arazoak izan zituzten sarreretan eta bat baino gehiago sartu ziren ordaindu gabe, zifra ofizial hori zein heinetaraino gainditua izan den jakiteko aukerarik eman gabe. Atzoko gauaz berriz, gaur egingo dute horren balorazioa.
Ezarian. Euskal Herria Zuzenean
Etxekoen ahotsak
Bu Ta Gaz, Ken Zazpi, Split 77, Iparraldeko konpilaziokoak, Gaia sorkuntzakoak, 'Erregea eta Bufoia', Xutik, Antton Luku eta Jaiekin txaranga. Atzokoan Euskal Herriko artistak izan zituen protagonista nagusi Heletako EHZ jaialdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu