Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak dioenez, langileen % 60k etxetik kanpo bazkaltzen du. Horietatik % 10ek bakarrik eramaten omen du janaria etxetik (hau litzateke aukerarik osasungarriena etxean dieta orekatuaren oinarriak ezagutu eta praktikatzen badira, behintzat). Gainontzeko guztien aukerak honako hauek izan ohi dira: eguneko menua eskaintzen duten taberna edo jatetxeak; fast food edo janari azkarra eta aurrez prestatutako jakiak.
Kontsultara ere maiz etorri izan da jendea «nik ez dut etxean bazkaltzen eta zaila da modu horretara dieta bat egitea» esanez. Baina hori… ez da egia. Elikadura eta dieta orekatuari buruzko oinarrizko ezagutza batzuk izanez gero, oso modu orekatu eta egokian elikatu gaitezke zenbait otordu etxetik kanpo egin arren. Lehenengo janarien maiztasun eta gutxi gorabeherako kantitateari buruzko taula aurrean izatea oso garrantzitsua da.
Hori aurrean izanik, gutxi gorabehera, kanpoan bazkaltzeak eskatzen duen malgutasunez, asteko dieta antolatu dezakegu. Lehen esan bezala etxetik eramaten badugu, primeran. Baina prestatzeko denborarik izango ez bagenu eta taberna/jatetxe batetara joan behar badugu, honako hauek kontutan hartu:
1. Otorduaren egitura errespetatu:
1. platera: barazkiak, entsalada, zopa, pasta edo arroza.
2. platera: lekaleak, haragia, arraina edo arrautza.
Postrea: Fruta edo esnekia.
2. Gogoan izan gero afalduko denarekin orekatuki osatu behar dela. Beraz ez dira janariak errepikatu behar. Adibidez: afaltzeko entsalada eta arraina baldin badugu, egokiena bazkaltzeko pasta edo arroza eta haragia edo arrautza izango dira.
3. Bigarren plateretan, hobe plantxan, egosi edo erreak hartzen baditugu, arrautzeztatu edo enpanatuak baino. Eta goarnizio gisa egokiena entsalada, tomate, piper edo barazki goarnizioak aukeratzea da. Tarteka patata frijituak.
4. Askotan fruta edo esnekia baino, eskaintzen dituzten postreko beste aukera batzuk nahiago izaten ditugu. Kanpoan bazkaldu/afaltzea tarteka ematen bada, ez du hainbesteko garrantzirik. Baina ia eguneroko kontua bada, oso garrantzizkoa izango da hori zaintzea.
5. Maiz ateratzen dituzten janari kantitateak (platerkadak) oso handiak izaten dira. Egiten duzun kirola, adina —gazteek, helduek baino energia gehiago behar dute—, altuera, gizon edo emakume zaren kontutan izanda —baldintza berdinetan gizonen energia beharrak handiagoak dira—, barneratzen den kopurua norberaren gutxi gorabeherako beharretara egokitu beharko da.
6. Edaria ohitura bezala ura izan dadila. Ardoa edo garagardoa aukeratzen badira gogoan izan emakumezkoek, otorduko, edari horien baso bat —80-100 ml ardoa eta 200 ml garagardoa— edan dezaketela, eta gizonezkoek bi baso.
Azkenik, hona hemen tupper bat edo bietan, aste batean etxetik eraman daitezkeen aukera osasuntsuak, eta afaltzeko konbinaketak —postrea fruta edo/eta esnekia izango litzateke—:
Osasuna. Elikadura
Etxetik kanpo osasuntsu jan
Langileen erdiek baino gehiagok etxetik kanpo bazkaltzen dute egunero. Hala izanda ere, dieta osasuntsu bat jarraitzea komeni da. Ezagutza batzuk izanez gero, oso modu orekatuan eta egokian elikatu gaitezke. Janariaren kantitatea eta maiztasuna zaintzea beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu