Ezarian. San Tomas

Euriak ez du jai giroa itzali

Eguraldiari jaramonik egin ez, eta jende ugari bildu da Donostian eta Bilbon San Tomas eguna ospatzeraDonostian, 'Filemona' zerramak erakarri ditu bisitarien begiradak

Adrian Garcia - Ione Zuazo
Donostia- Bilbo
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Euriak mehatxua bete, eta San Tomaseko azokako protagonista bilakatu nahi izan zuen atzo. Ez zuen, ordea, jendea uxatzea lortu, eta euritako eta txamarrak soinean, jendea jai giroaz gozatzera atera zen, Bilbon eta Donostian. Nahiz eta eguraldia ez izan aproposena baserritar jantziak gainean eramateko, txerri hilketarekin lotura duen festa dela gogorarazi zuten askok.

Bretxako teilatuan dagoen Olentzero erraldoiaren begiradapean sartu ziren milaka bisitari Donostiako Parte Zaharrean. Inguruetako herrietatik jende andana iritsi zen.

Txistor usaina nagusi izan ohi da egun berezi horretan. Zartaginak sutan, Donostian txistorra saltzen zuten 58 postuek bisitarien gosea ase zuten. Sagardoak eta txakolinak, txerrikiaren bidelagun banaezinek ito zuten bildutakoen egarria.

Okendo plazako txorimalo lehiaketak ume ugari erakarri zituen. 22 txorimalok lehiatu zuten orijinaltasunean. Olentzero, estralurtar, realzale, marrazki bizidunetako pertsonaia eta hegazkin kontrolatzaileak irudikatzen zituzten panpinok. Plaza berean bildutako animaliei liluraturik begiratu zieten umeek: ostrukak, llamak, emuak eta antzarak ez dira egunero ikusten.

Konstituzio plaza da azokako gune nagusia. Goizeko lehen orduetan plazan lasai ibil zitekeen, baina orduek aurrera egin ahala, aterkien uholde batek irentsi zuen plaza. Euriaz babestu nahian, inguruko aterpe eta tabernatan bildu zen jende multzo handiena.

Soraluzeko (Gipuzkoa) Azuaga baserriko Ezozi Etxeberriak Konstituzio plazaren erdian zuen postua. Barazkiez gain, gozoek betetzen zuten postua. Eguraldi txarrak negozioari kalte egiten zion arren, pozik zegoen Etxeberria. «Eguraldi txarrak jendea desanimatzen du, baina oso ondo doaz salmentak. Horrelako egunetan ez dago krisirik». Barazkietan bigarren saria eman zioten Etxeberriaren postuari.

Anjel Arregik Antzuolako (Gipuzkoa) Eguzkitza baserritik ekarri zituen Konstituzio plazan salgai zituen sagarrak. «Aukera ona izaten da horrelako azoketan saltzea. Jendea arin samar ari da pasatzen, baina saltzen ari gara». Fruituen lehiaketan bigarren saria irabazi zuen Arregik.

Bilbon, 125.000 lagun

Donostiako Konstituzio plazan, Filemona izeneko zerramak bildu zuen arreta gehien. Leitzako (Nafarroa) Arro baserrian gizendu zuten 330 kiloko animalia hori. Jendeak argazki kamerekin harrapatu nahi izan zuen zerramaren irudi lerdena. Lasto tartean etzanda, San Tomaseko ikurra ez zen jabetu sortzen zuen ikusminaz.

Gipuzkoa plazan, Parte Zaharretik pauso gutxitara, jendea taloen postuetan bildu zen. Goierriko talogileen postuak 30 bat urte daramatza santomasetan taloak banatzen.

Txistorra eta Filemona izan ziren San Tomas azokako izar nagusiak. Hala ere, animalien eskubideen babesleek beste jai mota «etikoago» bat egitea posible dela uste dute. Konstituzio plazan Animalien Eskubideen Elkarteak pintxo begetarianoak eskaini zituen.

Askekintza Animalistako lau kidek eguerdi aldera Filemona zerrama zegoen eremua inguratu zuten, animaliek pairatzen duten bidegabekeria eta injustizia salatzeko. «Helburu nagusia eztabaida sortzea da. Animaliarik gabeko San Tomas bat aldarrikatzen dugu», azaldu zuen Lide Treku Askekintzako kideak.

Tabernentzako ere egun oparoa izan zen atzokoa. Gazte koadrila askok, eguraldiari jaramonik egin ez, eta San Tomasek eskaintzen duen parrandarako aukera aprobetxatu zuten. «Ohitura zahar bat da baserritar eta kale giroa elkartzen dituena euskal giroan. Horregatik etortzen gara», adierazi zuen Jon Otxotorenak.

Bilbon ere jendetza bildu zen atzo, 125.000 lagun inguru. Bilboko Areatzan sartu bezain laster, nabarmena zen txistor eta txorizo usaina. Eguraldi kaxkarra egiten zuen goizean, eta gutxika bete zen saltoki gunea, baina eguerdirako gainezka zegoen Areatza, eta nekez ibil zitekeen saltoki artean.

140 erakusketari izan dira aurtengo azokan, Areatzan eta Plaza Barrian banaturik. Denetarik zegoen salgai: barazkiak, frutak, esnekiak, ogia, hestebeteak... garaiko eta hemengo produktuak denak. Goizean jende andana bai, baina gutxi saltzen ari zirela zioten saltzaileek.

Iñigo, Jatabetik etorrita, garaiko baserriko produktuak saltzen zebilen Areatzan: indabak, urrak, irina, kipulak, patata... «Gutxi saldu dugu oraingoz, baina eguraldi hau ikusita, ezin gaitezke kexatu». Uriarte familiagoizeko lauretan heldu zen Areatzara Fikatik, beharrezko zuten dena prestatzera. Fikatarren saltoki aurrean jende multzo handia zegoen, txorizo eta txistor taloaren zain. Janaz gain, txakolina dastatzeko aukera ere bazuten.

Eguerdiko ordubatean banatu ziren BBK sariak: Josetxu Uriarte gatikarrak jaso zuen fruitu ekoizlerik onenarena, Adela Andikoetxea urduliztarrak barazkiena eta Unzalu Ingunaga abadiñotarrak gaztarik onenarena. Animalia esanguratsuena Juan Antonio Zabalak aurkeztu zuela erabaki zuen epaimahaiak. Bakoitzak 300 euroko saria eta ohorezko plaka jaso zituen.

Angel Fernandez karrantzarrak jaso zuen gazte ekoizlerik onenari egokitutako saria. Ardiak hezi, eta gazta egiten du Fernandezek. Lehen aldia zuen azokan, eta pozik agertu zen jasotako sariarekin: «Nik bezala familia nekazaria duenarentzat, ez da hain zaila mundu honetan murgiltzea; bai, ordea, kaletik datorrenarentzat».

Kaleak alaituz, animazio ugari zen bazter guztietan, trikitilariak, dultzaineroak eta joaldunak nonahi zebiltzan. Eguerdian jende multzo handia bildu zen Bilboko konpartsek antolaturiko bertso saioaz gozatzera.

Urtero legez, Oskorriren The Pub Ibiltaria ikuskizunarekin amaitu zen egitarau zabala; ez, ordea, festa giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.