Europako mendietako segurtasuna hizpide

Apirilaren 5etik 7ra bitartean egingo dute Europako mendietako segurtasunari buruzko biltzarra, Aran ibarrean

Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Segurtasuna Mendi Eremuetan Europako Tailerra antolatu dute apirilaren 5etik 7ra bitartean Aran ibarrean (Katalunia).

Antolatzaileen aburuz, hitzaldi horien helburua da mendi eremuetan istripuen prebentzioan lan egiten duten Europako adituak bilduko dituen foro bat sortzea. Aldi berean, Alpeak , Pirinioak eta Europako Mendietan lan egiten duten larrialdi zerbitzuen elkarlana sustatzea eta metodologia partekatzea lortu nahi dute hitzaldiek. Bigarren aldia da gisa honetako biltzar bat antolatzen dutena.

Euskal Herriko, Kataluniako, Gaztela Leongo eta Tirolgo larrialdi zerbitzuen salbamendu ereduak aztertuko dituzte. Mendiko segurtasun lanetan aritzen diren nazioarteko adituek parte hartuko dute hitzaldietan.

Alex Txikon hizlari

Apirilaren 5ean, asteartearekin hasiko da tailerra, 19:15ean. Artieseko (Aran ibarra, Katalunia) Casa Irene hotelean izango da aurkezpen ofiziala. Aurkezpenaren ostean, Alex Txikon mendizale lemoarrak eta Gerfried Goschlek ABC Team ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute. Berriki bueltatu diren Gasherbrum Ieko espedizioa izango dute hizpide. Halaber, uztailean K2 igotzeko egingo duten saioari buruz arituko dira. Jarraian, Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarraren erreskatearen adibidea aipatuko dute. Annapurna mendian zendu zen Otxoa, 2008an. Informe Robinson saioaksalbamenduari buruz eman zuen dokumentala eta Pure life filmaren trailerra izango dira ikusgai.

Axel Naglich eta Alberto Ayora mendizale adituek ere euren esperientzien berri emango dute aurkezpen egunean.

Apirilaren 6an eta 7an Vielhako Tuca hotelean jarraituko dute. Hitzaldien programazio osoa jasotzeko eta izena emateko, ondoko helbidea kontsultatu daiteke: http://workshop2011.promolounge.eu.

Izaera irekia du foroak, eta mendiko segurtasunean interesa duen ororentzat da. Doakoa izango da sarrera, eta izena eman dutenei Alberto Ayoraren Gestion del peligro (Arriskuaren kudeaketa) liburua eta batzarrean parte hartu dutelako ziurtagiria banatuko zaizkie.

Conselh Generau d'Aran, Val d'Aran Convention Bureau eta Promolunge erakundeek antolatu dute biltzarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.