Komunikazioa. Euskadi Irratiaren 30. urteurrena (II). Arantxa Iturbe. Euskadi Irratiko esataria

«Euskadi Irratiak behar luke euskal kultura guztien topaleku»

Kulturgintzako ahots askotarikoak uhinetara eramaten ditu arratsaldero Iturbek.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
1985. urtean hasi zen Euskadi Irratian esatari lanetan Arantxa Iturbe (Alegia, Gipuzkoa, 1964). Idazlea eta zutabegilea. Bere lanarekin maiteminduta dagoela aitortzen du, entzuleen mesederako.

Nola gogoratzen duzu Euskadi Irratian 80ko hamarkadan bertan lanean hasi zineneko unea?

Ametsetako maitearekin lehendabiziko hitzorduan bezala esatea, gehiegi esatea izango da beharbada. Baina elkarrekin zerbait egiteko gogoa, istorio eder bat bizitzeko ilusioa, ezezagunarekin topo egiteak sortzen duen pudorea eta aukera ona egin izanaren itxaropena oso desberdinak ez zirela esango nuke.

Nolakoak ziren baliabideak 80ko hamarkadan? Nola bizi izan duzu gertatu den bilakaera teknologikoa?

Garairako egokiak ziren. Elkar ezagutuz eta garaian garaikora egokituz joan gara. Bilakaera ikaragarria eta garrantzitsua izanik ere, funtsean irratiaren baliabiderik garrantzitsuenak berberak dira oraindik ere: entzuten dakiten kontalari onak. Hori egiten duen teknologiarik ez dute oraindik asmatu.

Irratia euskaraz 24 orduz entzutea mirari txiki bat izan zen entzule askorentzat. Entzuleek gertu sentitu al dute beti Euskadi Irratia?

Eurek esan beharko dute hori. Guk entzuleak oso gertu sentitzen ditugu gehienetan. Saiatzen gara egunero belarrira hitz egiten. Gertuago, nekez.

Jaime Otamendirekin batera egiten zenuen Goizean Behin saioa oraindik jende askok du oroimenean. Nolakoak izan ziren programa horretan bizi zenituen urteak?

Gazteak ginen, eta freskoak. Hasiberriak eta langileak. Gogotsuak eta ausartak. Urte zailak ziren, zentzu askotan. Ordukoak ditut lankiderik leialenak eta lagunik kuttunenak.

Kulturari lotuta zabiltza azkeneko urteetan. Euskal kulturak Euskadi Irratiarekin lotuta joan behar al du?

Ez naiz loturazale, baina horixe da plazera ematen didan lotura gutxietako bat. Euskadi Irratiak behar luke euskal kultura guztien topaleku. Eta ez bakarrik oihartzun lanerako. Zirika dezake, eta bultza egin.

Zertan asmatu du Euskadi Irratiak 30 urte hauetan, eta zertan ez?

Asmatu du komunikabide handiago eta boteretsuagoen ondoan bizirik irauten eta entzule komunitate leial bat sortzen. Ez du asmatu (oraindik) komunikabide handiago eta boteretsuagoak imitatzeari utzi eta txiki izatearen onurak sinisten, eta entzule komunitate gazteenak erakartzen.

Euskadi Irratiko langileek, oro har, askatasunez lan egiteko aukera izan duzue 30 urte hauetan, hau da, presio politikorik gabe?

EITBko beste batzuek baino dezente presio txikiagorekin, seguru asko. Seinale txarra. Ez da askeago utzi gaituztelako; politikariek gure jardunari garrantzitxikiagoa eman izan diotelako baizik.

Han eta hemen, adituek diote irrati eta telebista publikoek menpekotasun txikiagoa izan beharko luketela gobernuetatik. Kasu honetan, EITBk Jaurlaritzatik. Nola ikusten duzu gai hori?

Menpekotasun guztiek egiten diote kalte kazetaritzari: ekonomikoak, sentimentalak, boterearekikoak, ideologikoak, ospearekikoak, itxurarekikoak...

Azkeneko hiru urteetan asko sumatu al da 2009. urtean egon zen gobernu aldaketa?

Bai. Baina ez bereziki agintzen dutenak aurreko urteetakoen aldean ideologia desberdinekoak direlako.

Hizkuntzaren aldetik, erabilitako euskaraz zer esan dezakezu? Entzule guztiak asetzeko moduko hizkera da Euskadi Irratikoa?

Ezer ez da entzule guztiak asetzeko modukoa. Esatariok batuaz—euskalki guzien erabiltzaileekiko errespetuz— eta gonbidatuek bakoitzak berean eginez gero, bihotz gehiagotara iritsiko gara.

Zer eskatuko zenioke Euskadi Irratiko hurrengo zuzendariari?

Izateko konfiantza bere ardurapeko lantaldean, markatzeko irizpideak eta uzteko lanean; jokatzeko ausardiaz eta argi izateko urte batzuetarako dela. Asmatzeko langileak ilusionatzeko bideak. Eta emateko lehentasuna irratiari. Sinis dezala belarriz mundua erakusteko gaitasuna duen tramankulu majiko eta miresgarri honetan, inguruko apaingarriekin itsutu gabe. Eta gogoratzeko lidergoa ez doala karguarekin.

Zertan hobetu daiteke Euskadi Irratiak etorkizunean?

Dena hobetu liteke. Baina belarria kalean jarri eta soinuz jasotakoa besteei erakusteko ahalegina irudimenez garatuz gero, hogei urte barru izango dugu zer ospatua. Seguru naiz horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.