2008an ekin zion Jose Javier Lopez de Okarizek EAEko erromanikoaren entziklopedia egiten hasteko lanari, beste hainbat teknikorekin batera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, denetara 255 herritan egin dituzte ikerketak, eta lau urteko lanaren emaitza da atzo aurkeztutako entziklopedia.
Ikerketa lanean erromanikoko 292 lekukotasun bildu dituzue. Horietatik 227 Araban daude. Lurralde horretan zergatik gorde dira ondare gehiago?
Ingurunearen historiak, geografiak eta garapenak zerikusi zuzena du horretan. Duela mila urte Araban 350 herri zeuden, San Millanen topatutako dokumentazio baten arabera. Herri horien %60 leku berean daude oraindik, eta antzeko biztanle kopuruarekin, gainera. Herritarren egonkortasun horrekin, ez da eliza gehiagorik behar izan, eta, orduan, zeuzkaten eliza erromanikoek bere horretan iraun dute. Eraikin sendoak ziren, gainera, harrizkoak, eta, ondorioz, ez dute askorik aldatu behar izan.
Gipuzkoan eta Bizkaian arrasto gutxiago ikertu izanaren arrazoia, beraz, hori izan daiteke?
Bai. Bertan elizak handitu egin zituzten, herriak ere asko hazi zirelako. Edozein modutan, erromaniko garaiko hainbat elementu gorde dituzte eliza horietan, ataria edo batailarriak. Erromaniko garaiko eliza gutxi geratzen dira, denak ere Bizkaian. Garai hartako hiru elizak bere horretan iraun dute, baina ermitak dira, mendi inguruan daudenak.
Zuen ikerketatik kanpo dago, baina zein da Nafarroako eta Iparraldeko erromanikoaren egoera?
Europako erromanikoan Nafarroa erreferentzia bat da. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian ez bezala, hemen monasterio erromanikoak daude, katedralak… Lizarra edo Zangoza, esaterako, sekulakoak dira erromanikoaren ikuspuntutik. Eraikin kopuruan txiki uzten ditu guk ikertutako datuak. Baina bakoitzak bere historia dauka. Iparraldean, berriz, barnealdeko herrietan topa daitezke erromanikoko adibideak, Zuberoan, batez ere, baina ez da oso ugaria.
Euskal erromanikoak, zein bereizgarri dauzka?
Arkitektura elementuak oso sinpleak dira, leku guztietan errepikatzen direnak. Habearte luze bat dauka, eta ondoren absidea. Normalean absideek forma kurbatuak izan ohi dituzte, baina guk ikertutakoen bi herenak lauak ziren, erraztasunagatik edo merkeagoa zelako horrela egitea. Elizetan topa daitezkeen irudien aldetik bestalde, elementu bereizgarriak topa daitezke euskal erromanikoan. Giza buruak eta bustoak oso ugariak dira, baina uropar erromanikoan ez da ageri horrenbesteko maiztasunez. Pentsa, aztertu ditugun 1.600 irudietatik 700 giza buruak ziren.
Zergatik izan daiteke hori?
Ez dakigu, zehazki, zergatik. Askotan atarietan topatu ohi dira, eta izkinak dekoratzeko ere erabiltzen ziren. Hortik ondorioztatu dezakegu eurentzat garrantzi handia zeukatela. Buru horiek,gainera, nahiko bereziak dira, oso sinpleak eta definizio handirik gabekoak baitira.
Erromanikoko elizak nola zaindu dira gaur egunera arte?
Kontuan hartu behar da elizak ez direla elementu arkeologikoak, oraindik bizirik daude. Herritarrentzat oraindik oinarrizko lekuak ziren, eta bizitzako unerik garrantzitsuenak bertan bizi izan dituzte. Hala nola bataioa, ezkontza eta lurperaketak elizan egiten ziren. Hori dela eta, elizak ongi zaindu dira, oro har. Hasierako egiturarekin batzuetan, eta handitu egin dira besteetan, zaharra aberasteko asmoarekin. Atari eta bataiarriak izan dira eliza zaharretatik gorde zituzten elementuak, batez ere.
Jose Javier Lopez de Okariz. EAEko erromanikoaren entziklopediako koordinatzailea
«Euskal erromanikoan giza buruen irudiek garrantzi handia zuten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu