Ramon Barea (Huys, Belgika, 1964) pedalontziaren asmatzailearen birbiloba da, eta Gernikako bonbardaketaren lekuko baten semea. Familiaren bilakaerak historiarako grina piztu zion. Nazismo transfronterizo hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Hondarribiko Arma plazako Interpretazio Zentroan.
Hendaiako geltokitik abiatuko zara mugaz bi aldeetako nazien historia kontatzeko?
Franco eta Hitlerren arteko bilkura tokia izateaz gain, geltokiak beti izan du balio estrategiko handia. Baina Bigarren Mundu Gerraren garaian, armadez gain, informazio, espioitza eta kontraespiotza zerbitzuen jokalekua izan zen, mugaz bi aldeetan. Irudiak erakutsiko ditut, besteak beste Donostiako Alderdi Naziarenak eta hirian Gestapok eginiko atxiloketenak. Bitxia da, baina Donostiaren historiaz idatzitako liburu gehienetan ez dute aipatu ere egiten gai hori.
Ez da bada, kasualitatez izango.
Badirudi hemen ez zela ezer gertatu. Ulergarria da, Bigarren Mundu Gerraren ondoren nazien urrats guztiak ezabatu nahi izan baitzituen Francok. Baina fitxategiak aztertuz gero, argi geratzen da Gipuzkoa eta Euskal Herri osoa Reich-aren beste apendize bat izan zirela.
Nortzuk ziren Donostiako naziak?
Gipuzkoako kolonia alemaniarra handia zen. Zatituta zegoen, batzuk naziak zirelako eta beste batzuk Alemaniatik ihes egindako komunistak edo sozialistak zirelako. Alderdi naziak Espainiako iparralderako zuen burua Donostiako Gros auzoan bizi zen, eta komunitatea estututa zeukan. Donostiako eskola alemana nazien propaganda zentroa izan zen. Gazteek Hitlerren Gaztediaren parte izan behar zuten. Errenteriako Niessen enpresa ere alderdi naziaren kide zen.
Comete sarea deiturikoak eroritako pilotu aliatuei Erresuma Batura itzultzen laguntzen zien bezala, bazegoen arratoien ibilbidea izenekoa, naziak Espainiara babestera joateko laguntzekoa.
Euskadi pasabiderik egokiena bihurtu zen nazi iheslarientzat, gerraren amaieran. Eta ez soilik militarrak pasatzeko, baita artelanak ere. Donostian arte kontrabandista bat izan zen, Angel Saldista deiturikoa, eta naziek Hermann Goeringen arte salerosle Alois Miedlen eskutik lapurturiko balio handiko artelanak gorde zituen Okendo kaleko biltegian.
Nolako aldea zegoen nazien eta populazioaren arteko harremanean Hendaian eta Irunen?
Hendaian erabat okupaziopean zeuden, eta herritarrak lekuko hutsak izan ziren. Bestaldean, Espainiako agintariak nazien agindupean jarri ziren, muga babesleku bila zeharkatu zutenei jazartzeko. Leku segurura helduak zirela uste zuten askok, eta erabat oker ziren. Jakob Gapp martiri marianista horrela atxilotu zuen Gestapok Donostian, hango agintariek lagunduta. Espainiak 480 milioi marko zor zizkion Alemaniari, Condor Legioak gerran emaniko laguntza dela eta.
Alemanian gerraren ondoren desnazifikazio prozesu bat egon zen. Hemen ez da inoiz halakorik izan.
Aliatuek eskatu zuten, baina Francoren babespeko naziek kolaborazio froga guztiak suntsitu zituzten. Horregatik da zaila gaur horren inguruko berri eskuratzea. Haien semeak eta ilobak hemen daude. Batzuk nirekin mintzatu dira argi eta garbi, beste batzuk ez, eta askok ez dakite ezer, gurasoek ez zietelako ezer esan. Horregatik dira horren baliotsuak gaur erakutsiko ditudan irudiak.
«Euskal Herria nazien inperioaren beste apendize bat izan zen»
Bigarren Mundu Gerran, Bidasoaren bi aldeetan ibilitako nazien berri emango du historialariak gaur Hondarribian. Irudien laguntzarekin Donostiako alderdi naziari buruz mintzatuko da, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu