Olatzaguti inguruan (Nafarroan) aurkitu zuten, orain bost urte; Jose Angel Torres Aranzadiko Geologia ataleko buru eta Oiartzungo Luberri museoko zuzendariaren kolaboratzaile taldea lan horretan zebilen Urbasako parajeetan, «KT mugaren ikerketan». Baina, xedea fosilak aurkitzea zenez, ezustea izan zen mosasaurio baten —itsasoko narrasti mota bat— masailezurraren zati ikusgarri hura aurkitzea; hortz bat ere bazuen ongi kontserbaturik. «Afrikan, Marokon batik bat, oso komunak dira mosasaurioen fosilak, baita munduko beste hainbat lekutan ere; halako anfibio harrapariak Euskal Herriko itsasoetan ere izango zirela uste genuen, baina hemen aurkitu gabe zegoen hain fosil handia, hain argia», azaldu du Jose Angel Torresek.
Teoriaren proba ikusgai dago atzodanik Oiartzungo Luberri museoan, hainbat urteren buruan pieza sakonki ikertu ondoren. Lan horretan parte hartu dute, Luberrik ez ezik, Parisko Museum National d'Histoire Naturellek, Arabako Natur Zientzien Museoak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak berak. Nathalie Bardet, Xavier Pereda Suberbiola, Juan Ignacio Bazeta eta Carmelo Corral paleontologoek sinatu dute ikerketaren emaitza, baita Gorka Martinez, Miguel Apeztegia, Benjamin Botantz eta Jose Angel Torres ikerlariek ere; Bulletin de la Société Géologique de France aldizkari espezializatuan eman dute argitara.
Hortza nortasun agiri
Kretazeo aroko —70 milioi inguru ditu— Prognathodon cf. sectorius espeziearen fosila beirazko kutxa batean dute, alboan azalpenak dituela, baita Euskal Herritik kanpo aurkitutako fosil parekideak ere. Itxura beldurgarria dauka historiaurreko itsasoko narrastiaren buruaren erreplika batek.
«Arroka batean txertaturik zegoen, eta inguruko geruzetan animalia beraren fosil gehiago, zati gehiago bilatzen aritu ginen, baina ez ziren gehiago azaldu», dio Torresek. Goiko barailaren zatia da fosila. Hortz bat ere ikusten zaio hezurarren barruan. «Ordezkatzeko hortza da», azaldu du Torresek; «itsas narrasti hauek izugarrizko hortzak zituzten, eta gai ziren oskol gogorreko animaliei hozka egiteko. Hori dela eta, pieza batzuk galdu egiten zituzten, eta haien ordezkoak ateratzen zitzaizkien». Oiartzunen ikus daitekeen fosilak ordezko hortza dauka bere baitan. «Horri esker egin dugu ikerketa hain azkar; hortza fosilaren nortasun agiria balitz bezala baliatu dugu». Trebiñun azaldu dira orain baino lehen mososaurioen hortzak, pieza solteak. Olatzagutian aurkitu dutena da, ordea, Euskal Herriko fosil osoena atal horretan.
Hamabost metroko munstroa
Duela 70-65 milioi urte galdu ziren mosasaurioak, Kretazeoa amaitzearekin batera. Egungo Europa, Afrika eta Amerikako eremuetan bizi izan zen, betiere itsasoan, kostaldetik gertu. Arrainak, dordokak, ammoniteak eta narrasti txikiagoak jaten zituzten. Mosasaurio baten lehen lagina Maastrichten aurkitu zuten, Herbehereetan, Mosa ibaitik gertu; hortik datorkio izena. Gaur egungo animalia batekin alderatzen hasita, baranoekin zuten antz handia, baina mosasaurioak itsasokoak ziren, eta hankak eduki beharrean hegal handiak zituzten. Itxura mehatxatzailea zuten haien hortzek. Konikoak ziren, eta baraila handi batzuen barruan zeuden, ikara emateko moduan. Kaskezurra handia eta indartsua zen. Hamabost metroko luzera hartzen zuten espeziearen animalia handienek, hamar gorputzean eta beste bost buztan luzean.
«Parisko ikerlariak oso pozik jarri ziren hemen aurkitutako fosilaren berri eman genienean», esan du Luberriko zuzendariak. «Marokon eta AEBetan ikertuak zituzten, baina Europako hegoaldean ez». Kretazeoan itsasoko narrasti komuna bazen, ordea, zergatik ez dira fosil gehiago azaldu? «Marokon fosfatoak egiteko harrobietan tonaka agertzen dira, baina eremua basamortuaren tankerakoa da. Hemen, aldiz, ez dago halakorik. Landaretza asko dugu, arrokak estalirik daude, eta basoak egotea oso onuragarria da naturarentzat, baina ez fosilak ateratzeko».
Euskal Herrian aurkitutako mosasaurio baten fosilik osoena
'Proggathodon cf. sectorius' espeziearen masailezurrak 70 milioi urte ditu, eta ikusgai da Luberri museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu