Euskal Herriko mojitoa

Koktelgilea da Xabier Aguadero; edariak nahastea du ogibide, eta lehen postua lortu du orain egun batzuk Iruñean jokatutako patxaranez egindako koktelen lehiaketan.

Xabier Aguadero, patxarana oinarri hartuta sortu dituen zenbait koktel prestatzen. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Sorkuntza lan bat da berea Xabier Aguaderoren ustez, eta artisten antza hartzen dute horregatik haren hitzek ere: «Irudimena martxan jarri, eta bizitzari buruz bakoitzak duen ikuspegia erakustea da giltza. Zure bizitza edalontzi bakarrean isurtzen asmatzea». Koktelak egiten ditu Iruñeko Txantrea auzoko bere tabernan, Tio Pepe izenekoan. Dioenez, antzerkiaz ere badu zerbait ofizioak, publiko aurrean jarri, eta hari zerbait eskaini beharraz. «Bost bat minutuz zuk zer egingo adi-adi egoten dira bezeroak koktelak egiterakoan, epaimahai bat balira bezala. Zoriontasun bila datoz tabernara, eta gaur egun hori ez da erraza, eta hori da eskaini behar zaiena; zoriontasun une bat». Epaimahai ofizialen aurrean ere egiten du hori Aguaderok, eta saritu egin diote azken lana. Patxaran Nafarrez Egindako I. Espainiako Koktel Lehiaketa irabazi du orain egun batzuk.

«Mojitoa dute kubatarrek, eta mundu osoan saltzen dute; Brasilen caipirinha daukate, eta berdin aritzen dira. Guk zergatik ez dugu, bada, izango patxaran koktelak egin eta hedatzerik?», dio. «Patxarana aldi berean badagoen eta ez dagoen edari bat da. Klasiko bat da, baina jende gazteak ez du hura edateko ohiturarik. Edango dute zahartzen direnean, baina xedea da edaria ez hiltzen uztea. Garai batean botika gisa erabiltzen zuten, eta orain guk zaindu behar dugu. Eutsi egin behar zaie sustraiei. Jende askori ez zaio agian gustatuko patxaran hutsa, baina zerbaitekin nahasita, ziur naiz gustatuko zaiela».

Historia eduki, historia izan

Hainbat formula ditu berak. Irabazleak dira haietariko bi. Patxarana, vodka, lima zukua eta mandarina ziropa ditu patxaran koktelen lehiaketa irabazi duenak; eta patxaranez, marrubi zukuz eta menta likorez egindakoa da beste koktel lehiaketa batean saritutakoa. Aguaderok dioenez, baina, hamaika froga egin ditu aurrez bi horiek lortzeko, margolariak zirriborroak nola.

Euskal Herrian ez dago ohitura handirik, ordea, ez patxarana ezerekin nahasteko, ezta, oro har, koktelak hartzeko ere. Esperientziaz mintzo da. «Ostalaritzan hasi nintzenean harrituta ikusten nuen tabernek koktelontziak izan bai baina erabiltzen ez zituztela. Garbitu, bai, dirdiratsu egon, eta bezeroek ikus zezaten, baina erabili sekula ere ez. Hari buruz galdetu nion behin nagusi bati, eta hala erantzun zidan: 'historia da hori'. Gerora ikasi nuen ontzi haiek bazutela historiarik, baina ez zirela historia».

Eta berriz ere artistaren diskurtsoaren oihartzunak ditu Aguaderorenak: tradizioaz eta berrikuntzaz ari da. «Ehunka urte dituzte koktel batzuek, eta oso ibilbide motza du klasikoak ezagutu gabe gauza berriak egiten hasi nahi duen koktelgileak».

Gero eta aberatsagoa da koktelgintzaren mundua, Aguaderok dioenez, eta sortzaileek maiz aipatzen duten binomioa aipatzen du arrazoia argitzeko: lokal izanik unibertsal izateko nahiarena. Eta tentsio horren erdian patxarana.«Orain, edozein txokotatik lor daitezke edariak, eta horrek aukera mordoa eskaintzen digu. Nire ustez, ezin hobea da txoko bakoitzean inor koktelak egiten ibiltzea. Batzuk ariko dira zerbezarekin lanean, beste batzuk beste edari batzuekin eta gu patxaranarekin, adibidez. Denon artean egiten dugu urratsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.