EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Historiaurreko hilobien arrastoan

Arbasoen hileta erritoak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute Guardia eta Bilar inguruko trikuharriek.

ANAKOZ AMENABAR GUARDIA / BILAR
2008ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Harlauza zabal eta handiekin eraikita, trikuharriak historiaurretik ditugun altxor adierazgarrienak dira Euskal Herrian. Batetik bestera, gure arbasoak hilobiratzeko aukeratu zituzten monumentu sakratuetan zehar, ibilaldia egiteko aukera ugari eskaintzen dute. Arabako Errioxako lautadan, esaterako, Guardia eta Bilar inguruan, adibide garrantzitsuak daude.

Haien inguruko misterio eta zalantza ugari argitzear geldituko badira ere, trikuharriak komunitate bereko kideak lurperatzeko zirela jakina da. Kristo aurreko 4000. urte inguruan hasi ziren eraikitzen, eta berehala zabaldu ziren lurralde osora. Ardatz nagusia ekialdetik mendebaldera jarrita, sarrerako harriak eguzki aldea zehazten zuen hari gurtza eginez, eta bertan ehorzten ziren hilotzen burua ere ekialderantz jartzen zuten.

Toloño mendizerra inguruan historiaurreko aztarna ugari dago, trikuharri eta herrixka tartean. Guardia herritik gertu egingo dugu lehenengo geldialdia, hamabost bat kilometrora. El Sotillo trikuharri neolitikoa topatuko dugu bertan. Trikuharri hori harearrizko lauzez osatuta dago, bederatzi gelan eta lau korridorean. Estalkiaren aztarnarik gabe bietan. Ikerketen arabera, gutxienez hamahiru lagun lurperatu zituzten bertan, haien ganibet eta aizkorekin batera. Kronologiaren eta lurperatutakoen kultura materialaren isla da trikuharrietan aurkitutako zeramika. Hemen bertan aurkitu ziren neolito garaiko lehendabiziko zeramika apaingabeak.

Hiru bat kilometrora aurkitzen da San Martingo trikuharria. Hamar harlauzez osatutako gela poligonalekoa da, estalkirik gabea eta korridoreko beste bost harlauzarekin. Bertan eginiko indusketa lanei esker, ordu arte inoiz ikusi gabeko estratigrafia zehaztu zen trikuharrian, zenbait garaitako tresna eta ezaugarrirekin.

Inguruko herrietan, bata bestearen atzetik, historiaurrera garamatzaten hamaika txoko aurkituko dugu. Bilarretik Kripanera doan bidean, esaterako, Llanoseko trikuharriarekin egingo dugu topo. Gutxienez ehun lagun hilobiratu zituzten bertan, sei lauzako gela eta korridorea duen trikuharrian. Aizkorak, koilareak eta kanpai formako zeramikak ere aurkitu zituzten haiekin batera.

Korridore itxurakoa da Bilar herri ondoko Aztiaren Txabolako trikuharria ere. Horretan ganberan sartzeko galeria dago. Ganbera zortzi harlauzaz osatuta dago, korridorea zortzi metro luze da, eta harlauza batek bitan banatzen du. Hogeita hemeretzi lagun aurkitu zituzten bertan hilobiratuta. Jose Migel Barandiaranek zuzendu zuen bertan lehendabiziko ustiaketa, eta material ezberdina aurkitu zuten, ontzi eta aizkorak tartean. Trikuharri hori ikusgarriena da, beharbada, guztien artean.

Arbasoen bizimodua gertutik ezagutzeko gune interesgarria daegun aztarnategi garrantzitsua den Hoyako herrixka. Kristo aurreko XV. mendeaz geroztik hartu zuten bertan orduko gizasemeek bizileku. Inguruko kultura megalitikoarekin bat eginez, Europa erdialdetik gerturatu ziren. Aztarnategia 1935ean aurkitu zuten, eta gaur egun oraindik ere aztertzen dihardute. Bertan jasotakoak ondo ezagutzeko gogoz geratzen direnei herrixka ondoko museoak argituko dizkie zalantza guztiak.



Guardia, upategi sarea lur azpian

Guardiako etxeen azpian upategi ederrak daude; kaleak estuak izanik, etxeen azpian eraiki behar izan zituzten upategiak.
a. amenabar

Toloño magalean aurkitzen diren herrien artean Erdi Aroko gotorleku bat ageri da deigarri. Inguruko trikuharri eta ondare esanguratsuenak bisitatu ostean, Guardian egingo dugu geldialdia. Hoyako herrixkan bizi ziren zeltiberoek zaintzen zuten muinoa. Burdin Arotik hainbat kultura pasatu ziren bertatik, eta horiek izan ziren azkenak. Muino hartan sortu zen ondoren Guardiako herrixka.

X. mendean musulmanez defendatzeko gaztelua eraikitzea agindu zuen Antso Abarkak, eta Antso VII.ak altxatu zuen harresia. Guardiako muinotik begira, Toloñoko mendizerratik Ebrora bitartean zabaltzen den mahastiak agertzen dira parez pare. Herrian barneratzea antzinako garaietara atzera egitea da, ondare artistiko-historiko bikainaz gozatzea. Benetan gomendagarria da Santa Maria eta San Juan elizak elkartzen dituzten herriko kale estuetan zehar osteratxoa egitea. Udaletxe zaharrak, samaniegotarren etxeak eta armarridun etxeek itxura dotorea ematen diote herriari.



ARDOA JAUN ETA JABE. Baina, beharbada, Guardiako altxor nagusia lur azpian aurkitzen da. Upategi ederrak daude etxe bakoitzaren azpian, kobako hormari eusteko XII eta XVIII. mende bitarteko harlanduzko arkuak ikus daitezke horietako askotan. Herriko kaleak horren estuak izanik, lur azpian bertan eraiki behar izaten zituzten upel handiak. Lur azpian dagoen ondare baliotsuari bultzada emateko, upategi guztiak elkar lotzeko egitasmoa egi bilaka daiteke hemendik eta urte batzuetara.

Urte guztian bisita ugari izaten dituzte upategiek, ardoa baita eskualde horretan jaun eta jabe. Mahatsa jasotzen denetik salda bikaina lortu arte, prozesu osoa ezagutu eta dastatzeko aukera ematen dute bertako hamaika upategik.

Naturak ere ikuspegi bikainak eskaintzen ditu Guardia inguruetan. Herritik gertu bi hezegune garrantzitsurekin egingo dugu topo, hegaztiek negurako aukeratzen duten txoko bereziekin. Carralogroño eta Carravalseca hezeguneak babestutako biotopoak dira, euren balio ekologiko eta biologiko handiarengatik, hain zuzen.

Mahasti eta mendi paisaiarekin, lautada eta muinoekin, kontraste handiko ingurua da Arabako hegoaldeko txoko hori. Iparraldean Toloño zaindari eta hegoaldean Ebro ibaia muga jartzen, asteburu pasarako proposamen ederra izan daiteke.





JAKINGARRIAK

Nola iritsi: Toloño mendizerra magalean kokatzen da Guardia. Gasteiztik abiatuta bi errepidek eramaten dute bertara. N-1 jarraituta, N-124 hartuko dugu Logroñorantz eginez, eta Bastida ostean aurkituko dugu Guardia. Gasteizko portua igarotzea da beste aukera, A-2124 errepidea jarraituta.

Non jan: Ondo bazkaldu eta lo egiteko eskaintza zabala dago Guardia eta inguruetan. Harresiaren ateetatik gertu, bertako produktuez gozatzeko aukera izan daiteke Amelibia jatetxea (0034) 945-62 12 07. Ehiza eta haragi erre bikainak dastatzeko, 1954az geroztik zabalik dagoen Marixa jatetxea leku aproposa da (0034) 945-60 01 65.

Argibide gehiago: Guardiako turismo bulegoa (0034) 945-60 08 45.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.