Ignacio Martin Cloppet. Idazlea

«Euskal Herrira etortzean nire etxean bezala sentitzen naiz»

Juan Peron eta Eva Duarteren euskal arbasoen inguruko liburua idatzi du: 'Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte'. Cloppetek bere arbasoen berri ere izan du.

Ignacio Martin Cloppet, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentearekin. BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Argentinan jaio zen Ignacio Martin Cloppet idazlea (1962). Juan Peron politikaria eta haren emazte Eva Duarte ere herrialde berean jaio ziren. Jaioterriarekin batera, badute hirurek beste ezaugarri komun bat: arbasoak zituzten Euskal Herrian; Iparraldean, hain zuzen. Duarteren eta Cloppeten arbasoak, gainera, familia berekoak ziren. Bilaketa eta ikerketa lanak egin ondoren, Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte (Juan Peronen eta Eva Duarterenjatorriak) liburua argitaratu zuen iaz Cloppetek. Lapurdi eta Nafarroa Beherea bisitatu ditu berriki, eta, liburuaren inguruko hitzaldiak egiteaz gain, euren euskal arbasoak bizi ziren inguruak ezagutzeko aukera ere izan du.

Nola joan da Euskal Herriko esperientzia?

Esperientzia oso bizia, nire izaeraren hainbat alderdi mobilizatu ditu, erabat liluratuta nauka. Juan Peronen eta Eva Duarteren jatorrien inguruan idatzi ondoren, haien eta nire arbasoen etxeak izan zirenak ezagutzeak hunkituta nauka.

Zer atera duzu Euskal Herrira egindako bisitatik?

Gauza asko atera ditut. Gauza bat da 14.000 kilometrora idaztea, errealitatearen irudi bat izan gabe. Harreman berezia izan dut jendearekin, Euskal Herrian emandako hitzaldietan. Giro berezia zegoen, eta euskal leinuaren sustraietan barneratzeko aukera izan nuen. Munduari on asko egin dion lurraldea da Euskal Herria, Argentinari eta Rio de la Platari ere fabore asko egin dizkio.

Noiz jakin zenuen Eva Duarteren eta Juan Peronen arbasoak euskaldunak zirela?

Juan Peronen kasuan, iazko urte amaieran jaso nuen informazioa. Liburu honekin lanean nenbilela, ez zegoen oso argi Peronen jatorria zein zen, euskal arbasoei zegokionez. Evitaren kasuan, berriz, nik banekien Evitaren arbasoak Euskal Herrikoak zirela, nire arbasoen berdinak direlako. Evaren aitona-amonak nire heren-aitona-amonak ziren. Evaren aita nire birramonaren anaia zen. Niretzat, aurkikuntza hunkigarria izan zen, nire arbasoak direlako eta hemen euren jatorria aurkitu ahal izan dudalako.

Noiz eta non bizi izan ziren?

Juan Peronen birraitona Baigorrin jaio zen (Nafarroa Beherea), Ñimiñoarena baserrian, 1819. urtean. Birramona, berriz, Bankan (Nafarroa Beherea), Espila baserrian, 1821ean. Eva Duarteren aitona, Francisco Uhart, Behaskane-Laphizketakoa zen (Nafarroa Beherea), Oiantto baserrikoa. 1817an jaio zen; Evaren amona Maria Manexena, berriz, 1823an jaio zen, Zuraideko Urrutia baserrian (Lapurdi).

Zer-nolako harremana izan zuen zure amonak Eva Duarterekin?

Nire aitonak erlazio gehiago zuen amonak baino, nahiz eta amona izan Evaren familia zuzena zena. Aitona Peronen lagun eta abokatua izan zen, eta nire aitonaren familiak Peronekin harremana izan zuen. Amona, berriz, Evitaren lehengusina propioa zen, baina haren aita Juan Duartek bi familia zituen: familia handi bat eta familia txiki bat. Hamalau seme-alaba izan zituen bidezko emaztearekin; baina, aldi berean, kanpoan lan egiten zuenez, beste familia bat sortu zuen. Eta bigarren familia horretatik jaio zen Eva Duarte. Beraz, nire amonak Evarekin izan zuen erlazioa ez zen horren estua izan. Dena den, Evaren ahizpa Blanca Duarterekin gertuagoko harremana izan zuen amonak.

Nolako bizimodua zuten zuen euskal arbasoek?

Euskaldunek, Ameriketara iritsi zirenean, euren ohiturak gorde zituzten, bizi ziren herrialdeko aurrerakuntzek uzten zieten heinean. Nire amonak euskara hitz egiten zuen, eta bazkaria egiteko eta edaria prestatzeko ohitura mantentzen zuen. Ohorea, euskaldunaren hitza eta familia jator baten parte izatearen esanahia erakutsi dizkigute aitona-amonek. Ekintzaile izaten erakutsi digute, ausartak izatera, Argentina gure aberria maitatzera, baina baita euskal ohiturak ere. Gu sei anai-arreba gara, eta denek 0 negatiboa dugu odolean,baita gure gurasoek ere; beraz, gu ere herri honen parte sentitzen gara.

Liburuan bildu dituzun dokumentuek istorioa osatzeko balio izan dizute?

42 dokumentu agertzen dira liburuan, baina ia ehun dokumentutan oinarrituta dago argitalpena. Liburuaren espazioagatik ez nuen nire eskuetara iritsi ziren dokumentu guztiak argitaratzeko aukerarik izan. Aukeraketa bat egin dut, jendeak ikusi ahal izateko zertan oinarritu naizen lan hau egiteko.

Zaila egin al zaizu euskal arbasoen inguruko informazioa aurkitzea?

Argentinatik nahiko zaila egin zitzaidan batze puntu hauek topatzea. Puntu oso zehatzak dira. Baina Euskal Herriko lagun batzuen laguntza izan dut, Marie Michele Esponde eta Philippe Irigoienena, esaterako. Eskuzabalak izan dira, gainera, artxiboetara sartzeko erraztasun gehiago zituzten, nik Buenos Airesen baino gehiago.

Topatu al duzu Euskal Herrian euskal arbasoen ondorengorik?

Juan Peronekin urruneko lotura duten senitarteko batzuekin hitz egiteko aukera izan dut. Aurkitu dudan familia bakarra izan da. Ulertzen dut abizen horiekin lotutako familientzat ere berritasuna izan dela hau dena, eta beharbada oraindik ez dakite senitartekoren bat izan dezaketela Euskal Herrian. Istorio honi ahalik eta datu gehien ematea interesatzen zait. Aukera izan dugu baserrietan egoteko, arbasoak non bizi ziren ikusteko, euren etxeak nolakoak ziren ezagutzeko… Euskal arbasoen inguruan jakiteaz gain, gaur egun baserri horietan bizi direnekin harremana izatea ere interesatzen zait.

Zein harreman duzu Euskal Herriarekin?

Hizkuntza ez jakiteak pena ematen dit, baina 0 negatiboa dut. Euskaldunen pare jartzen nau horrek, nire odola da. Niretzat, Euskal Herrira etortzea nire etxera etortzea da, etxe honetako jabe sentitzen naiz. Baina jabetza ez da agintearekin lortzen, baizik eta balioekin, izpirituarekin, ohorearekin, odolarekin, ohiturekin. Euskaldunek arnasa hartzen dute, baina ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu osoan ere. Eta munduan arnasa hartu zuten Peronek eta Evitak, odol euskaldun hori baitzuten. Eta orain nireak ere arnasa hartzen du.

Nolako harrera izan du liburuak Argentinan?

Sei hilabetetan bigarren edizioa amaitzen ari da. Ez da doktrina politiko jakin bat edo ideologia peronista duen liburua. Istorio baten sekretuak kontatzen saiatu naiz, baina ez jendearen intimitatera sartuz, baizik eta jendeak uler dezan nondik etorri ziren. Jatorriak euren jokabidea azaltzeko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.