Euskal jatorriko animalien erakusketa

'Arrastoak' antolatu dute biharko Ormaiztegin, babestutako euskal animalien erakusketa. Hamabigarren aldia duIa 200 buru elkartuko dituzte, 7.000 metro koadro inguruko eremu batean

Euskal jatorriko animaliak ikusteko aukera izango dute erakusketara biltzen direnek. ANGEL ELORTZA/ GOIERRIKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pottokak, astoak, behiak, oiloak, behorrak, ahuntzak, txakurrak, txerriak... euskal arrazako animalia ugari elkartuko dituzte bihar Ormaiztegin (Gipuzkoa). Hamabigarren Arrastoak erakusketa egingo dute herrian, Euskal Herriko abere autoktonoen erakusketa handiena, eta ia 200 buru bilduko dituzte, 7.000 metro koadro inguruko eremu batean.

Soilik hemengoak diren espezieak izango dira postuetan; asko galtzeko arriskuan daude, eta haiek suspertzeko lanean diharduten elkarteak dauzkate lagun. Ezaugarri horiekin egiten den erakusketa bakarra da Arrastoak Euskal Herrian. Eramaten dituzten arrazen inguruan informazio zabala emango dute elkarteek, animaliak erakustearekin batera. Espeziearen historia eta ezaugarriak, zergatik dauden galtzeko arriskuan eta etorkizunean nola lehengoratu daitezkeen azalduko dute, besteak beste.10:00etan hasi eta 14:30ak arte iraungo du erakusketak.

Eguneko ekitaldi nagusia erakusketa bera izanda ere, jai giroan beste ekitaldi batzuk egingo dituzte.

Esaterako, Pottoka Arrazaren Gipuzkoako Txapelketa Morfologikoa egingo dute, eta animalia hoberenak aukeratuko dituzte, lau kategoriatan. Halaber, Gipuzkoako Erlezainen Elkartearen eskutik, eskualdeko ezti lehiaketa egingo dute. Erle kaxak eta panelak paratuko dituzte ikusgai, eta eztia jogurtarekin hartzeko abagunea izango da.

Bestalde, haurrek ere beren tartea izango dute Ormaiztegin. Pottoken gainean ibiltzeko aukera izango dute; haiek nola orraztu, zelak nola jarri eta beste hainbat gauza erakutsiko dizkiete. Ausartzen direnei astoei jarritako otarretan paseatzeko aukera emango diete.

Jai giroan, zer jan ez da faltako, eta goizean goizetik betizu pintxoak jatea izango dute bisitariek. Goierriko taloak, Lapurdiko taloak, ardi gazta eta beste hainbat mokadu goxo jateko aukera ere izango dute erakusketara joaten direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.