Komunikazioa. Euskal komunikazioa eta sare sozialak (XIII). Oier Arantzabal. Zuzeularia

«Euskal kazetari erreferentzialek Twitterren egon behar dute»

Euskarazko erreferenteak alor eta zentzu guztietan behar direla uste du Arantzabalek.

urtzi urkizu
Zarautz
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Oier Arantzabalek (Bilbo, 1988) hitza lore gisa erabiltzen du Zerdionk.info blogean, eta arma gisa Zuzeuko blogean.

Interneteko @Zerdionk izaera bat al dator zure benetako izaerarekin?

Ez nuke esango berbera denik, iragazki bat badago Interneten. Baina nire alderdi batzuk nabarmentzen dira sareko profilean.

Zerdionk.info blogean sare sozialen atal bat duzu. Bertan azaltzen denez, profila duzu Berriketan.info-n, Twitterren, Facebooken, Tumblr-en, Quoran eta ZutaGun. Guztietan idazten al duzu?

Ez, baina sare bat egiten saiatu nintzen egiten dudan lana eraginkorragoa egiteko. Egun, blog bat sortu eta ez baduzu sare batekin osatzen, blog hori ez dago. Ez dago sartuko den inor. Hasieran sarea ahula da, baina pixkanaka sare hori indartzen joan daiteke.

Hitza sare sozialetan lore gisa ala arma gisa nahiago duzu?

Bietarako erabili behar da. Arma izan daiteke zentzu positibo batean. Ikusi besterik ez dago zer eragin lor daitekeen sarean. Hitzarekin bakarrik armatu dira kristorenak, batzutan nahita eta bestetan konturatu gabe. Tahrir plazakoa, M-15 mugimendua eta era horretako kasuek sarean izan dute hasiera nahiz hedapena. Teknologiak boterea desafiatu du.

2010eko azaroan egin zenuen aurkikuntza batek sekulako oihartzuna izan zuen. Iñaki Perurenari egindako elkarrizketa bat YouTubetik hartu, Zuzeun jarri, eta gerora ehunka mila bisita izan ditu. Zer sentitu zenuen fenomeno horren atzean zarela jakitean?

Hasieran, pentsatu nuen: eskerrak ez nuela sinatu nire izenarekin. Lotsa eta dena pasako nuke. Bideoak bazituen hilabete batzuk, eta kuriosoa iruditu zitzaidan. Ariketa polita da galdetzea zergatik lortu dituen 500.000 bisita. Gazteleraz zegoelako? Gazteleraz zelako, nafar bat zelako eta Euskal Herriaz ari zelako? Hitz egiten duena harri-jasotzailea delako? Sare sozialekin horrelako bideo batek sekulako zabalkundea izan dezake.

Facebooken ere talde bat sortu zuten, txorimaloa eta Perurena.

Ez dakigu nork sortu zuen. Kontuak eskuetatik ihes egin zigun. Baina ondo pasa genuen. Omenalditxo bat ere egin genion Perurenari Durangoko Azokan. Sare sozialen iraultza da edozeinek ekoitz dezakeela, eta sekulako zabalpena izan, edo ez. Demokratizazio bat dago hor.

Zuzeu bera sare sozialtzat har al daiteke?

Nire ustez, bada sare sozial bat. Bere garaian tresna bat garatu genuen erabiltzaileek beraien artean mezuak bidaltzeko, baina ez zen erabiltzen, eta kendu genuen. Baina tresna hori garatua dago.Nire ustez, sare sozialak lehendik ere bazeuden. Txikitan ETBko Superbateko kide nintzen, eta hori sare sozial handi bat zen. Orain, sarea eskura izanik, ez dago ETBn haurrentzako sare sozial bat. Zuzeu sare soziala da, sortzaile eta kontsumitzaile komunitate bat dagoen heinean. Zuzeun euskarazko eduki asko sortu dira, eta hori oso garrantzitsua da. Zarata atera, eta presente egon behar da. Zenbat eta euskaldun gehiagok Interneten parte hartu, are hobeto.

Luistxo Fernandezek behin baino gehiagotan esan du Twitterren euskal intelektualak falta direla.

Bai, hala da. Jende intelektualak eta kazetari erreferentzialek hor egon behar dute. Gure trollak eta umoregileak ere behar ditugu. Gure teknopatak, zientzian adituak eta erreferente ezberdinak behar ditugu zentzu guztietan sare sozialetan. Lurra urratu, landatzeko eta etorkizunean landa dezaten.

Nagore Vega kazetariak esan digu gazteengana iristea funtsezkoa dela. Zure ustez, nola heldu daiteke gazteengana?

Tropela.net-en adibidea jarriko nuke, giltzarria baita. Gurean ez da egon halako erreferenterik. Milaka lagunek parte hartzea lortu dute. 16 urteko nire anaiak Marca irakurtzen du, eta futbola interesatzen zaio. Futbolaren inguruko zerbait sortu beharko dugu euskaraz, Comunio.es-en antzekoa. Gazteengana iristeko gazteei interesatzen zaiena sortu beharko da.

Nola ikusten dituzu euskarazko komunikabideak sare sozialen aurrean?

Eskertzen da hedabide baten Twitterreko kontuaren atzean pertsona bat dagoela ikusten denean. Elkarri eragitea ere garrantzitsua da. Agian sare sozialetarako estilo liburu bat lantzen hasi beharko genuke. Hedabideek Internetetik pentsatzen hasi behar dute, eta hori oraindik falta da. Beldurra dago jendea beste hedabideetara bidaltzeko. Zuzeun badago atal bat beste lekuetako loturekin, baina irakurleak itzuli egiten dira gehiagoren bila. Bestetik, BERRIAk asmatu du Berriketan.info-rekin, eta bere funtzioa betetzen du. Euskarak izango du bere esparrua Interneten gu gauden artean.

5.700 tuitetik gora idatzi dituzu Twitterren. Mendetasun arriskutsua izateko beldurra izan al duzu inoiz?

Twitter sakelako telefonoan daramat, baina ez nuke esango mendetasuna denik. Twitter egunero komunikatzeko erabiltzen dut, baita umorerako zein lagunarterako ere. Lanak ere eskatzen dit konektatua egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.