Eserlekua eta itzala hartzeko, goizean goiz etorri beharra dago». Pilotazale beterano bati berandu egin zaio, Foru plazako frontoiko harmailak beteta ageri baitira Andre Mari Zuriaren jaietan gazte eta afizionatu mailetan jokatzen den txapelketaren finaletarako. Plaza bera festetako gune nagusien artean dago, batez ere kirolari eta musikari lotutako emanaldietan.
Eduardo Txillida eskultorearen eta Luis Peña Gantxegi arkitektoaren diseinuari esker, pilotarako eta herri kiroletarako aproposa da Foru plaza. Estalitako frontoietako partida profesionalek duten glamour-etik eta telebistak behartutako koloreetatik ihesi, pilota antzinako eran gozatzeko aukera dago oraindik. Aire zabalean, eta zuriz jantzitako jokalariekin,gerriko koloredunak baino ezberdintzen ez dituela.
Gazte mailako finala 11:30ean abiatu da. Larrañagak eta Isasik, gorriz, aurre aurre dituzte Garcia eta Agirre. Pilotaren soinua ozen entzuten da, eta Gasteizen bisitan dauden kanpoko ikasle batzuk erakarri ditu. Monitoreak saiatzen dira kirolaren nondik norakoak azaltzen.
«Nerbioa ez zaio falta horri!», entzun da harmailetan, Larrañaga aurrelari gazteak huts egin eta oihu egin duenean. Zorrotz aritu da Larrañaga, eta, Isasirekin batera, lortu du azkenean saria irudikatzen duen Zeledonen eskultura altxatzea, 22-11 nagusituta.
Eguerdia iritsi denerako, frontoian dira senior mailako pilotariak. Maila horretan Mikel Rafalek eta Iruarrizagak irabazi dute, baina ordurako plazak beste interesgune bat jarri du martxan. Frontoiaren kontrako aldean, herri kirolen ordua da. Abuztuaren 9a da, Gasteizen, eta termometroak aise gainditzen ditu 30 graduak, haize gozorik gabe.
Ikusleek, nola edo hala, plazan sortzen diren itzal apurren babesa bilatzen dute. Ondo lerrokatuta ageri dira eguzkiaren eraso zuzenetik libratzen diren lekuetan. Plazan, ez; plazan hasi dira giza probak, babeslekurik gabe. Kirolariak harritzarretatik tiraka ari dira, indar hutsez. Zapia atera eta kopetako izerdia xukatzeari ekin dio ikusle batek, ikuskizunaren gogorrarekin nekatuta edo.
Harria arrastaka daramate, atzerantz, kolpe gogorren bidez. Ez da harritzekoa ustekabean emanaldiarekin topo egin duten turistek kirolarien ahalegin ikaragarriari argazkiak ateratzea, halako kirol ankerra nori bururatuko zitzaion eztabaidatzen ari diren bitartean. Festak igaro ahala, herri kiroletako proba gehienak egin dira Foru plazako kantxan.
Musika eta janaria
Goizetan kirola da nagusi, baina gauez, itxura erabat aldatu eta udalak antolatzen dituen kontzertu nagusien agertoki bihutzen da plaza. Gasteiztik pasatu dira asteon Los Suaves, Esne Beltza, La Pegatina eta Juan Magan. Abuztuaren 8ko emanaldia aldatu egin behar izan dute, eta Los Tigres del Norteren narcocorrido ospetsuak entzuteko gogoz geratu dira musikazale asko. Ez Gasteizko alkatea: mexikarren ordezkoa —Malu— nahiago duela onartua zuen Javier Marotok.
Plazaren festetako agurra, hala ere, gastronomikoa izan da. Baserriko oilasko eta hanburgesa labeldunen pintxoak banatu dituzte, euro baten truke. Ilarak, gutxienez, itzalaren babesa izan du. Mokaduarekin atera den dirua, gainera, Arabako Dantza Federazioari laguntzeko erabiliko da.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen itzalean
Euskal kirolaren enparantza
Milaka lagun biltzen dira gaueko musika emanaldi handietan, baina Foru plazako goizetan herri kirolak eta pilota partidak dira nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu