Euskal-nafar trenaren interpretazio gunea ireki dute

Zentroa Antoñanan dago; bide berdeari eta garai bateko trenari buruzko informazioa emango diete bisitariei

Bizikletaz nahiz oinez egin daitezke bide berdeak. LANDER F. ARROIABE/ ARP.
Ilargi Agirre.
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal-nafar burdinbidearen bide berdeak badu bere interpretazio gunea. Arlabango portua (Araba eta Gipuzkoako mugan) eta Lizarra lotzen ditu bideak, eta Antoñanan ireki dute interpretazio gunea.

Garai batean martxan zeuden trenen ibilbideei jarraitzen diete bide berdeek. 1927tik 1967ra bitartean, Lizarratik Bergararaino joaten zen euskal-nafar trena, Gasteiztik pasata. Orduko trenaren itxurari jarraitu nahian, hiru bagoi ditu interpretazio zentroak. Bakoitzari funtzio bat eman diote. Lehendabizikoan, Arabako Mendialdeko kuadrillako turismo bulegoa dago; eta, bigarrengoan, bide berdearen inguruko informazioa jaso ahal izango du bisitariak. Bizikletaz nahiz oinez egin nahi duen ororentzat baliagarria izango da etapen ezaugarrien eta kilometroen berri izatea. Izki parke naturalaren inguruko azalpenak ere jaso daitezke. Hirugarren bagoian sartzea iraganera bidaiatzea bezala da. Orduko trenaren argazki zaharrak, txartelak eta langileen uniformeak jarri dituzte ikusgai.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren aburuz, proiektuak argitara ateratzen ditu Arabako Mendialdeko paisaia eta biodibertsitatea. Arkeologia industrialaren proiektu interesgarri bat da. «Garai bateko trena, trenbidea eta tunelak bere horretan mantenduta, Araban XX. mendeko ondasun historikoaren zati garrantzitsu bat gordetzen da», adierazi du ahaldun nagusiak aurkezpenean. 300.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin du Arabako Aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.