Goi sukaldaritzak altuerarekin zerikusirik balu, euskal pastiza ziur litzateke haren gailurretako bat. Izan ere, 35 kilometroko garaierara bidali dute kremaz beteriko euskal pastel bat, berriki. Angeluko BAB2 merkataritza gunetik aireratu da zerura. Eguzkiako gozogileek egin dute, eta Estia Industria Teknologia Goi Eskolako bost ikaslek diseinatu dute hura garraiatzeko gailua, Daniel Sourgen irakaslearen gidaritzapean.
Pastizak helioz betetako zunda globo batean egin du bidaia, metalezko beso baten gainean. Plataformak kamara bat ere eramandu kaxa baten barruan, eta bi hego jarri dizkiote haren bi alboetan.
Bi ordu baino gutxiagoan heldu da gozoa 35 kilometroko garaierara, eta irudi ikusgarria atera du handik, pastelarekin batera bidali duten kamerak. Garaiera horretara iritsi denean, hustu egin da globoa eta pastizak beherazko bidea hasi du. Samatzen lurreratu da, artasoro batean.
Ekintza publizitatea egiteko helburuarekin antolatu dute, eta ideia Lelabo komunikazio agentziak garatu du.