Euskal pilota ezagutzeko

Euskal pilotak erakusleiho berria izango du Gasteizen. Iragana, oraina eta etorkizuna uztartuz, euskal kirola indartu eta modalitate desberdinen ezagutza zabaldu nahi du.

Bederatzi panel jarri dituzte proiektua ezagutarazteko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Pilota euskaldunen nortasunaren ikurretako bat izan da historian zehar. Kirol horrek duen garrantziaren adierazgarri, pilotaren inguruko ezagutza eta dibulgazio zentro berria eraikiko dute. Atzo egin zen zentro berriaren aurkezpen ekitaldia Gasteizko Santa Maria katedralean. Aimar eta Asier Olaizola, Titin III.a, Waltari, Merino II.a eta Cabrerizo pilotariak izan ziren bertan. Haiekin batera izan ziren hiriko alkate Patxi Lazkoz, Gonzalo Arroita ARICH Zaharberritzeko Agentziako arduraduna eta Fernando Palacios Ogeta Arabako pilota Federazioko lehendakaria.

Atzotik urtarrilaren 9ra bitartean zabalik izango da Pilota proiektuaren inguruko erakusketa, Santa Maria Katedraleko atarian.

Zentro berria, Alde Zaharrean egongo da datorren urtetik aurrera, eta nazioartean kultur eta kirol erreferente izatea du helburu. Eskola, laborategi, material ekoizle eta museo izateko asmoarekin eratuko da pilota proiektua. Gonzalo Arroitaren arabera, «pilota sustatzeaz gain, kultur eta kirol azpiegitura berri bat sortu nahi da Alde Zaharrean». Gaztetxoei pilotaren mundua ezagutarazteaz gain, kirola indartu nahi dute proiektu berriarekin, teknologia berriak erabiliz. «Euskal pilota XXI. mendean kokatu nahi dugu», Arroitak adierazi eran.

Hiru eremu pilotaren inguruan

Atzoko aurkezpenarekin proiektuari hasiera eman zioten. Orain, proiektua martxan jartzeko beharrezko tramiteak egingo dituzte eta kudeaketa aurrera eramateko, lehiaketa aurkeztuko dute. Proiektua aurrera ateratzeko, Europako funtsetik 200.000 euroko diru laguntza jasoko dute bost urtetarako, zentroaren lehen fasea egiteko.

Erakusketan dauden bederatzi informazio paneletan, proiektuaren aurkezpena egiteaz gain, pilotaren ibilbide historikoa kontatzen da. Euskal pilotalekuen, pilotarien eta modalitate desberdinen informazioa eskaintzen du,eta Euskal Herriko kulturaren berri ematen. Bestalde, 20 minutuko ikus-entzunezko euskarrian, pilota bat nola egiten den, partida baten aurreko prestaketak nolakoak diren eta, oro har, pilotalekuaren inguruko xehetasunak ikus daitezke.

Ezagutza eta dibulgazio zentroak eremu asko hartuko ditu bere gain: artisau eremuan, pilotak, eskularruak eta zestak nola egiten diren ikasteko aukera izango da. Erakusketen eremuan, lehena, oraina eta geroa uztartuaz, kirolaren inguruko informazioa emango dute; azkenik, berrikuntza eremuan, ikus-entzunezko liburutegia, artxiboa eta ikerketarako esparrua zehaztuko dira.

«Urteetan, pilota geldirik egon izan da, eta horrelako bultzada bat ematea garrantzitsua izango da. Ikastetxeetako haurrak bertaratuz, pilotaren mundua ezagutu eta pilotan jolastea da gure helburua», Fernando Palacios Ogetaren arabera.

Larruak harriaren kontra jarrai dezan, gaurko gazteak biharko pilotari bihurtu nahi ditu Gasteizko proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.