Ezarian. Euskarazko jostailugintza

Euskara jostagarri bilakatzen

Gora egin du nabarmen azken hamarkadetan euskarazko jostailuen eskaintzak, eta oraindik ere gabeziak dauden arren, gero eta zabalagoa da haurrek aisian ere euskara erabili ahal izateko merkatuan den eskaintza.

Inigo Astiz
2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kontraesanezkoa dirudi, baina egia da: jolasa ez da jolaserako kontua. Ez, behintzat, jolaserako kontua bakarrik. Garrantzi handia dute jostailuek umeen garapenean. Besteak beste, beren nortasuna eta autonomia lantzeko tresna dira, eta jolas eta jokoak ongi hautatzeko beharra azpimarratzen dute hezitzaileek. Hizkuntzak ere badu bere garrantzia prozesu horretan, eta azken urteetan nabarmen egin du gora euskarazko eskaintzak. Izan ere, handia izan da euskara jostagarri bihurtzeko egindako lana.

Jolas kontua da, baina baita estrategia kontua ere. Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko Jokogintza sailaren arduradunak azaltzen du zergatik: «Guk euskaldunak hezi nahi ditugu ikastoletan, eta horregatik lantzen dugu jokogintzaren alorra. Euskararen erabilera sustatu nahi dugu aisialdian. Badakigu gaur egun eremu formaletik eremu ez formalerako jauzian dagoela koska. Horregatik da garrantzitsua euskaraz jolastea gela barruan, ikastetxeko patioan, eta baita etxean eta kalean ere. Aisialdiko esparru hori ere hartu behar dugu».

Arregik azaltzen duenez, ez da txikia euskarazko jolas eta joko materialen garrantzia. Eskola barrutik, eskola kanpora ere eraman behar da hizkuntza. Eta jolasa izan daiteke horretarako bide. Euskararen jakintzak gora egin du azken urteetan, euskaraz hezitako ikasleen kopuruak ere gora egin duen heinean, baina bestelakoak dira gauzak erabileraren kasuan. Kontraesana dirudien arren, egia da: jakintzaren gorakadak ez du erabileraren neurri bereko gorakadarik ekarri. Eta, beraz, serioa da hizkuntza jostagarri bilakatzearen beharra.

Dioenez, ez da txikia izan orain arteko lana. Irriz gogoratzen ditu lehen urratsak. «Gu 1991n hasi ginen jokogintzan. Olentzeroren puzzle bat izan zen kaleratu genuen lehen eskaintza. Horrekin heldu ginen Durangoko Azokara, Olentzero batekin eta postal batekin! [Barre egiten du]. Negargarria zen, baina aurrera egin dugu, ilusio handiz. Urteekin 65 bat jostailu eta joko garatu ditugu». Gogoratzen duenez, garai hartan apenas zegoen euskarazko jokogintzan aritzen zen argitaletxerik. «Gaur egun badaude lau edo bost ekoiztetxe», zehazten du Arregik, eta ikastolena da handienetariko bat.

Hainbat zutabe aipatzen ditu Arregik beren jostailugintzan. Psikologia ebolutiboa da bat. Jolasak umearekin batera garatu behar duela, alegia. Badago urtez urteko eboluzio bat haurrengan, eta horri erantzun behar diote jostailuek. Faseka egiten du sailkapena Arregik. Gaitasunen araberako adin tarteka. 0 hilabetetik aurrera: ariketa jolasak. Bi urtetik aurrera: muntaketa jolasak. Bi eta zortzi urte artean: jolas sinbolikoak. Eta arauak dituzte jolasak lau urtetik aurrera. «Momentu oro eduki behar dugu argi hori. Horrek markatzen baitu une bakoitzean zer-nolako materiala beharko dituen umeak jolasaren garapenaren ikuspegitik».

Euskal curriculuma ardatz

Baina ez da hori zutabe bakarra. Euskal curriculuma da bigarrena. Hori da elkarteak kaleratzen dituen material guztien bigarren ardatza. «Curriculum horretan ageri diren balioek isla izan behar dute joko eta jolasetan. Hori guztia batera doa, eta jolasa ere bada oso bitarteko aproposa euskal curriculuma bera garatzeko. Zein dira balio horiek? Bizikidetza, hezikidetza, elkartasuna, iraunkortasuna... Definitituak ditugu lanerako ildo horiek, eta jokoetan ere balio horiek sustatzen ditugu. Gure proiektu guztian etengabeko zehar lerro bat da hori». Izan da jolas ez sexistarik ba ote duten galdetu dienik, eta Arregiren erantzuna argia da: «Konstante bat da balio hori gure lanetan. Agian era esplizituagoan esatea komeniko litzaiguke, baina beti dugu presente balio sail hori, eta, beraz, gure katalogoan ez da jostailu sexistarik».

Euskal dimentsioa da hirugaren zutabe bat. «Gure ohiturak, gure kantak, gure dantzak lantzeko bitarteko ezin hobea da jolasa bera ere». Baina bada azken oinarri bat ere. Beste guztiak eusten dituen azken zutabea jostagarritasuna. «Ezinbestekoa da hori!», zehazten du Arregik. «Beste guztia alferrikakoa da, bestela».

Oraindik ere badiragabeziak, eta pixkanaka-pixkanaka betetzea da asmoa. Jolas sinbolikoen esparruan daude, dioenez, zulorik handienak. Panpinak, etxeak, sukaldeak... Urtero egiten dute Ikastolen Elkarteko kideek dauden beharren zerrenda bat, baina ezin beti hura bete. Izan ere, joko arauak ez dira beti aldekoak. «Telebista programa famatuetatik sortutako produktuak dira mundu osoan hedatzen direnak. Merchandising handia dago, eta guk ahalegina egin behar dugu gure materiala erakargarri izan dadin. Izugarria da lehia. Gu lau katu gara, eta jokoen merkatua mundu osokoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.