Etxetik milaka kilometrotara eta zero azpiko tenperaturetan egon arren, berotasuna topatu du Leire Ordunak Moskuko Unibertsitatean. Errusiera ikasi nahi zuen, eta, horregatik, Moskura joatea erabaki zuen. Ikasi eta irakatsi, biak egiten ditu orain Moskun. Errusiera ikasteaz gainera,euskarako klaseak ematen baititu, Moskuko Lomonosov Unibertsitatean eta Cervantes Institutuan.
Irakurle programa bati esker iritsi zen Errusiara, duela lau urte. Iruindarra da izatez, eta 30 urte ditu. Euskal Herritik kanpo irakasle modura lehen esperientzia du, baina aurretik atzerrian ibili da lanean. Gustura dabil Errusian. Unibertsitatean hamar ikasle ditu eta beste zazpi Cervantes Institutuan. Gehienak Euskal Herrian egon ez badira ere, badute Euskal Herriarekiko interesa: «Ezagutu ditudan georgiar guztiek Euskal Herriari buruz zerbait entzun dute, armeniar batzuek eta beste kaukasiar batzuek ere bai».
Ikasle gehienek gaztelania ikastean izaten dute euskararen berri, eta behin euskara ikasten hasita, oso interesgarri eta erabilgarri egiten zaie. «Ikasleek hizkuntza ezberdinen gramatika konparatzen dutenez, euskara oso erabilgarri ikusten dute, ezagutzen dituzten beste hizkuntzetatik arras ezberdina delako».
Hautazko irakasgai gisa eskaintzen dute unibertsitatean, Ibero-erromaniko katedran. Astean, ordu eta erdiko klase bat ematen dute maila baxuenetan; eta altuenetan, berriz, astean ordu eta erdiko bi klase.
Egonaldia euskara irakasteko ez ezik, errusiera hobetzeko baliatuko du Ordunak: «Itzulpengintzako karrera egin nuen, eta errusiera karreran eman nuen hizkuntzetako bat izan zen, nire helburua hona etortzea zen hizkuntza hobetzeko».
EZARIAN. EUSKARA
«Euskara oso erabilgarri ikusten dute ikasleek, beste hizkuntzetatik arras ezberdina delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu