Besten lau egunak Jacques Portes plazan pasatzen ditu Guillaume Irigoienek, ezker-eskuin esku ukaldi bat ematen eta euskal kulturaz gozatzen. Euskal kantuen zaleei kantatzeko ekitaldia proposatzen dabil Tuntuna elkartea, eta horko kidea da, eta besten kari ere kantuari zor zaion tokia ematen dabil Karrikaldiaren bidez.
Nola deskribatuko zenuke Karrikaldiaren giroa?
Uste dut euskal giroa dela, nahiz Karrikaldiaren egitarauaren lehen partean bereziki ikusgarriak izan eta lekuko bezainbat kanpoko jende hurbildu. Jendea datorduen jatorriarekin, baina bai, euskal giroak du definitzen Karrikaldia. Euskal txoko bat izatea zen helburua, eta gaur egun ere beti helburu bera dugu. Bada dantzatzeko, kantatzeko, jateko, edateko... besta egiteko behar den guztia! Herriko plaza gisako zerbait badugu horrekin guztiarekin.
Baionako bestetan euskararen presentzia sustatzeko hasi zineten ekitaldi horrekin, duela 23 urte. Zertan zen euskararen egoera, eta zertan da gaur egun?
Ni ez nintzen hor duela 23 urte, baina pentsatzen dut euskal kulturak leku gutxi zuela. Besten laurogei urteak dira, eta ikusten da zer bilakaera ukan duten. Gerla aitzin, zazpi probintzien eguna bazen bestetan, eta, horrez gain, halako bizi herrikoi bat ere sendi zen, ez baitezpada euskaraz, haatik. Jendeak ekartzen zion zerbait bestari. Ondotik, hori guztia galdu zen, eta frantses aldera joan zen azkar. Balkoira ere joan zen azkar... Baionako besta hori delako, baduzu balkoikoa eta azpikoa. Hor euskal kulturak ez zuen tokirik. Pentsatzekoa da Dantzazpirekin hasi zela euskal kultura sartzen. Gauza batzuk aitzinatu dira, besta komisioan Patxokiko ordezkari bat sartu zen, eta, Baionak Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmen bat izenpetua zuenez, aplikatu zuten doidoi hor idatzitakoa. Gauzak proposatuz eta eginez da egoera aitzinatzen, eta horretan segitu behar dugu. Euskarak toki gehiago hartzen ahal du, zor zaio toki gehiago, normala denez. Bada egiteko, horretarako behar da galdatu baina bada ere obratze beharra.
Elkarteen lanari esker da euskara sarrarazi besta horietan. Balkoitik kantaturikobertsoa dugu adibide bat.
Bertsoarena Euskararen Kultur Erakundeak du egin, modu instituzionalean egin da, eta jarraikitzen ere da.Ez dakit itxura ona denez, baina zezena bi adarretarik hartu behar da, instituzioetarik eta elkarteetarik. Instituzioetarik baizik etortzen bada, ez da errana karrikak biziko duela. Bistan da, euskarari toki handiagoa zor diogu eta diote, baina ez da etorriko egunetik biharamunera,gainetik beheiti. Eginez eginen da, behar da presente izan.
Guillaume Irigoien. Karrikaldiaren antolatzailea
«Euskarak toki gehiago hartzen ahal du; zor zaio halakorik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu