Euskararen aldeko golak

Realak eta Lyongo Olympiquek Seaskari laguntzeko lagunarteko partida jokatuko dute bihar, Donibane LohizunenSarreretatik ateratako dirua Xalbador ikastola berritzeko erabiliko da

Seaskaren aldeko partidaren aurkezpena Donibane Lohizunen. BOB EDME / LE JOURNAL.
Donostia
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Guraso talde batek altxatu zuen orain dela 30 urte Kanboko (Lapurdi) Xalbador Ikastola. Ikastolaren harri berriak jartzen Realak lagunduko du orain. Izan ere, txuri-urdinek denboraldi aurreko hirugarren partida bihar jokatuko dute, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen alde.

Frantziako Lyongo Olympique taldearen aurka jokatuko dute donostiarrek, 18:00etatik aurrera. denboraldi aurreko egutegia ixteko partida bakar bat zehaztea geratzen zitzaien, eta lagunarteko horrekin itxi zuten. Seaska eta Realak elkarlanean antolatu dute norgehiagoka. Realak egin ditu Frantziako taldearekin loturak, eta Seaska arduratu da zelaia aukeratu eta gainontzeko antolaketaz.

Xalbador ikastola irabazle

Zaila da jakitea partida nork irabaziko duen, baina zalantzarik gabe, Xalbador kolegioarentzat garaipen handia izango da biharkoa. Urrats handia bai, behintzat. Izan ere, partida ikusteko saldutako sarreretatik lortutako irabaziak Xalbador ikastolako derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen egoitzako, berrikuntza eta handitze lanak egitera bideratuko dituzte. Udaberrian hasi zituzten lanak, «eta, partida honi esker, lanak aurreratzea lortuko dugu», dio Ramuntxo Etxeberri Seaskako garapen arduradunak. «Realak egin du posible hau guztia. Oso opari ederra egin digute,eta asko eskertzen diegu».

Aurten, maiatzaren 13an Herri Urratsen bildutako irabaziak ere ikastolaren berritze lanetarako erabili zituzten. Izan ere, proiektua handia da; eraikuntza lanek 5,5, milioi euroko aurrekontua dute. Orain dela urte batzuk 100 ikasle hartzen zituen ikastolak, orain, 253 dira, eta denbora gutxian, 300era iristea aurreikusten dute. Ondorioz, ikastola handitzeko lanak egitea beharrezkoa dute .

Partida Donibane Lohizuneko Pabillon Bleu futbol zelaian jokatuko da, arratsaldeko seietan. Sarrerak salgai jarri dituzte Donibane Lohizungo turismo bulegoan. Egunean bertan ere futbol zelaiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira. Hiru preziotako sarrerak daude: haurrek bost euro ordaindu beharko dituzte; partida zutik ikusiko dutenek, hamar euro; eta harmailetatik ikusi nahi dutenek, hogei. Guztira, 3.000-3.500 sarrera inguru jarri dituzte salgai.

Kutxabankek ere eskaintzen du Seaska elkarteari laguntzeko aukera. Bihar Donibane Lohizunera joan ezin dutenek aukera dute Xalbador ikastolari laguntzeko, 12518 00390 01632802601 57 kontu korronte zenbakian dirua sartuta. Kutxabankek, laguntzen dutenen artean, hainbat sari zozkatuko ditu: Reala-Bartzelona partida ikusteko sarrerak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.