EUSKARA

Euskararen aldeko lasterketa hilaren 28an Donostian

Hirugarren edizioa izango du aurten Amara Berriko krossak.

AB Krosako lan taldeko kide batzuk, Donostiako Probestu plazan. AB KROSA
2016ko maiatzaren 20a
20:29
Entzun

Donostiako Amara Berri auzoan euskara sustatzeko asmoz jaio zen lasterketa, eta udaberri amaierako hitzordura itzuli da aurten ere. Hurrengo larunbatean, maiatzak 28, egingo dute III. AB Krosa. Denontzako festa izango denez, haurrentzako jarduera bereziak ere egingo dituzte, 17:00etan. Ernest Llucheko Haur Txokoarekin elkarlanean, jolasak prestatuko dituzte, eta merienda txiki bat eman. Baita korrikalditxoa ere – 18:00ak aldera-. Ez diote lasterketa deitu nahi izan, ez baitute lehiakortasuna sustatu nahi. Auzoko ikastetxeetara zabaldu dute parte hartzeko deia: "Familia giroan ere gozatu daiteke AB Krosaz, horretarako egitarau berezia prestatu dugu, denek ongi pasatzea nahi dugu", azaldu du Iñigo Azurmendi antolatzaile taldeko kideak.

Helduen lasterketa -16 urtetik gorako korrikalariena- 19:00etan hasiko da. Ohiko ibilbidea egingo dute: Probestu plaza, Memoriaren parkea, Bartzelona hiribidea, buelta berriz Probestu plazara, eta beste buelta bat eman. Hiru kilometroko proba -buelta bakarra- ere egin daiteke, iaz bezala: "Ohartu ginen jende askok beldurra ziola sei kilometrokoari, eta horregatik erabaki genuen buelta bakarra emateko aukera ematea. Helburua baita lehen aldiz korrika egiteko lotsa galtzea".

Lasterketan bildutako dirua euskararen aldeko proiektu batera bideratu ohi dute. Aurten Ttan Ttakun irrati libreari emango diote. Irutxuloko Hitza-k babesten du lasterketa, eta izen-emateak zabalik daude Herrikrosa.eus webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.