Asteazkenean, ETB1en, Euskararen jatorria: enigma europar bat dokumentala. Atzean Hasier Etxeberria, zuzendari eta ahots, gehi lagun taldea. Dokumental interesduna, serioa, txukuna, edukiz zein jantziz zaindua, komunitate bateko teleikusleak —euren kezkak, euren bizipenak— kontuan eta presente dituen produktu bat. Eta iruditzen zait euskal telebista publiko batek hortik jo beharko lukeela.
Dokumentalak planteatzen du, nagusiki, euskararen jatorriaren galdera, galderak ekarri dituen erantzunak, eta galdera berriak. Hasteko, sei bat minutu, hitz egiten da hizkuntzaren inguruan sortu diren teoria xelebreenez. Agertzen da tipo bat esanez euskara dela lehen gizakiarengandik gertuen dagoen hizkuntza. Bego. 14. minututik aurrera hasten da tomatea. Ricardo Gomez filologoarekin hasi ere, gauzak argi: «hizkuntza bat ezin da esan beste bat baino zaharragoa denik». Lehena, muturrean. «Hizkuntza guztiak aurreko egoera batetik datoz, denak daude maila berean; kontua da kasu batzuetan ezagutzen dugula zein den aurreko egoerari hori. Euskararen kasuan ez dugu etiketarik». Ari da gauza animatzen.
Baina zientzia ez da lur lehorra. Komunitate zientifikoak ez du oraino euskararen jatorriaren teoria bat eta bakarra ontzat eman. Eta izan dira hamaika. Garrantzitsuenak hemen aipatuak, hemen desmuntatuak. Kasu batzuetan, pena ere bada. Ikertzaile batek euskara eta antzinako Europako hizkuntza lotu ditu, ur multzo eta ibaien izendegia begiratuta. Hidronimia, omen. Pena da, kasu horretan Erich Auerbach kritikari literarioa ere euskal jatorrikoa genukeelako, ur hitzetik etorrita abizena. Eta gero euskara hainbat hizkuntzarekin lotzeko ahaleginak. Baina zaila bada bi hizkuntzen arteko ahaidetasuna frogatzea, inolako ahaidetasunik ez dela frogatzea da ezinezkoa. Hortik euskarari hizkuntza andana lotu izana, alferreko saioak gehienak.
Sarri hanpatu izan da gurea. Ez zaizkit sobera gustatzen Joseba Zulaikarenak bezalako txantxa-sententziak: «euskararen jatorriaz galdetzen didatenean atzerrian, esaten diet guk badakigula, baina ez diegula esango». Konformatzen naiz enigmak balio badu ligatzeko tarteka. Besterik da dokumental honen gisako lanak egitea, zientifikoki, zurrun, gustuz. Euskal —eta erdal— komunitateko teleikusleen beharrak asetzen baitira hala.
Komunikazioa. Ekografiak
Euskararen deshanpatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu