Urtero bezala, aurten ere Karrikaldiak euskara eta euskal kulturaren irla sortu du Jacques Portes plazan. Irla txiki bat, baina, ez abandonatuak diren horietarikoa... Ez, jendez gainezka den irla bat. Lau egunez, euskal kantuak eta dantzak zein bertsoak gozatzeko aukera izaten dute han bestazaleek. Frantsesa ere entzuten da, haatik, oholtza gainean, erdaldun gero eta gehiago erakarririk, itzulpen lanari lotuak baitira.
Jendea hor dabil Gaztelu zaharraren itzalpean, pozik ikusgarriei begira. Tokiko jende bezainbat kanpotar biltzen da ikusgarrietara. «Besten egitaraua begiratu eta makil dantza bazela ikusteak kuriositatea sortu digu», dio Corrèze (Okzitania) departamendutik etorritako turista batek. Honen ondoan dago, Nafarroa Beheretik etorritako bikote bat, haien semea makil dantza dantzatzen ikustera jina.
Hain zuzen, umeentzako makil dantza txapelketa izan zen atzo 16:30ean. Irulegi, Anauze, Itsasu, Lekorne, Hazparne... barnealdeko herri parrasta bat ordezkaturik ziren atzo Lapurdiko hiriburuan. Hogeita zazpi haur lehiatu ziren elkarri, umore onean. Seiurte zituen gazteenak, eta, nahiztrakeskeria anitz egin, publikoaren txalo beroak ukan zituen. Adinen kategoria igo arau, kalitatea ere maldan gora zoan: makil galtze gutxi, makila zeruan gora, erritmoa zuzenki segituz... Goi mailakoa izan zen haurrek eskaini ikusgarria.
Ikusgarriz ikusgarri, arratsaldea aitzina zihoan, eta, dantzarien ondotik, Etxart Ahizpak igo ziren oholtza gainera. Donapaleuko bi ahizpak alegera aritu ziren kantuz, ikusleen pozgarri. Eguna aitzinatu arau, dantzak hartu zuen berriz gaina, eta dantzaren lehen notak entzun orduko ehunka pertsona jarri ziren dantzan borobilean. Batzuek belarria zorrotz, bozgorailutatik iragartzen ziren urratsen agindua ez galtzeko. Beste anitz, haatik, musikaren erritmoari segi, irria ezpainetan, inoren laguntza beharrik izan gabe.
Karrikaldian, ohartu gabeanorduak elkarri segi doaz, eta batek baino gehiagok zuten ohartu gabean arratsaldea han pasatu. Dantzatik kantura egin zuten salto hor zirenek, freskatzeko Ikastolako gurasoek zerbitzatu garagardo freskoa zutela eskuan. Baiona Kantuz-en aldia zen 20:15ean, kantuaren mundura sartzeko gomita ezin hobea. Karrikadantzarekin bukatu zen eguna.
Sei elkarte eta ikastolei esker
Leinua, Ibaialde, Tuntuna, Trikili Trakala, Orai bat elkarteak eta ikastolek egitarau oparoa eskaintzen dute egunero Jacques Portes plazan. Duela hogeita hiru urte hasi ziren karrikaldia antolatzen, justuki euskal kulturari zor zaion tokia eskaintzeko Baionako bestetan. Karrikaldiaren sustraietan, Dantzazpi dago. Euskal dantza plazara eraman, eta jendeari parte harrarazi, hori zuten xede antolatzaileek.
Osatuz eta hedatuz joan da Karrikaldia. Bospasei urte geroago euskal kantuz osatu liburuxka bat atera zuten, bestazaleek ausardia osoz eta zailtasunik gabe kantatu ahal izateko. Orain duela 15 urte Tuntuna lotu zen ekimenari, kantuaren ekitaldia gehituz. Duela hamabi urte ziren ikastolak antolatzaileen taldean sartu, taloak eta edariak zerbitzatuz bestazaleei. Buru-belarri dabiltza lanean denak, «baina errazki egiten da, besta giroan izanez», antolatzaile batek dioenez.
Baionako bestak.
Euskararen irla
Baxenabarreko hogeita zazpi haur elkar lehiatu ziren, makil dantzaren txapelketaren kari, eta publikoaren poza eragin zutenDantzazpi eta Baionan Kantuz-ekin izan ziren Karrikaldiko une beroak, urtero bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu