Euskara plazara jalgi da egunotan Donostian, Bulebarraren eta udaletxearen artean dagoen plazatxora, hain zuzen ere. Jendea euskaraz aritzeko txokoa eraiki dute hirigunean: mintzodromoa. Ostirala bitartean goiz eta arratsaldez egongo da zabalik.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu du Donostiako Udal Patronatuak mintzodromoa egitasmoa. Euskararen erabilera sustatzea du helburu, eta ekitaldi berezi batekin egingo dute itxiera larunbatean.
Karpa handi bat da mintzodromoa, eta patxadaz hitz egiteko baldintza guztiak betetzen ditu. Mahaiaren inguruan lau lagunentzako aulkiak, botila bat ur eta edalontziak, eta nahi duenarentzat, kafe makina. Guztira, 120 lagunentzako tokia, euskaraz aritu daitezen. Bozgorailuetatik euskal musika, oso ozen ez, solasaldiak ez oztopatzeko.
45 minutuko saioetan, edozein gairi buruz mintzatzeko aukera izango dute han biltzen direnek. Hizketa gaiak errazak dira, hizpide ematen duten horietakoak. 15 minututik behin, mintzaideak eta gaia aldatzen dira. Horrek pertsona gehiago ezagutzeko eta euskaldunen sarea zabaltzeko aukera ematen du.
Alex Aisa Donostiako Euskararen Udal Patronatuko teknikariak azaldu duenez, askotariko jendea joaten da mintzodromora. «Euskara ikasten ari direnak euskaldunekin harremanetan jartzeko ona da, hitz egiteko beldurra gal dezaten».
Bestetik, euskaldunentzat ere mintzodromoan parte hartzea onuragarria dela azpimarratu du. «Euskaraz dakigunok ohitu egin behar dugu ez dakitenei entzuten, haien esfortzua kontuan hartzeko». Horrez gain, euskaraz jakin bai, baina hitz egiteko aukerarik ez dutenei euren hizkuntza mintzatzeko tokia eskaini nahi diete.
Mintzodromoa Donostia hirigunean egiteak sinbolikoa dela dio Aisak. «Leku publikoetan eta eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko gonbita egiten dugu».
Batxilergoko ikasleak izan dira Donostiako mintzodromoan lehenengo euskarazko hitzak egin dituztenak. Hainbat ikastetxetatik joandako ikasleak mahaietan sakabanatu, eta euskaraz jardun dira ikasketei, kirolari, etorkizunari eta beste gai batzuei buruz.
Gazteak horrelako egitasmoetara erakartzea garrantzitsua dela dio Aisak, euskaraz jakin arren gaztelaniaz egiten baitute sarri.
Arrazoia eman dio Alex Etxebeste Easo Politeknikoa institutuko ikasleak. «Nahiz eta euskaraz jakin, hitz egiteko ohitura falta zaigu», aitortu du.
Larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, gizartean erreferenteak diren pertsonak gonbidatuko dituzte mintzodromora, euskaraz egin dezaten.
Aisaren arabera, gizartean isla duten pertsonek euskara erabiltzeak indartu egiten du hizkuntza, jendeak hizkuntzarekiko duen ikusmoldea aldatzen baitu.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Javier Muguruza musikariak eta Martin Berasategi sukaldariak jada baieztatu dute han izango direla.
Badira bi urte mintzodromoa egitasmoa martxan jarri zutela, eta izandako arrakasta ikusirik, beste herri batzuetara zabaltzea erabaki dute. Tolosa, Lasarte, Zumarraga eta beste herri batzuetan ere antolatuko dira aurten mintzodromoak. Hala ere, euskarak bere eguna larunbatean ospatu arren, euskaraz aritzeko urteko edozein egun aproposa dela gogorarazi dute antolatzaileek.
Euskarari ateak zabaltzen
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, mintzodromoa jarri dute Donostiako Bulebarrean. Mahai baten inguruan euskaraz aritzeko aukera eskaintzen du egitasmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu