Nola atera norberaren hizkuntza-armairutik izenburupean, euskaldunok gure hizkuntzarekin dugun harremanaren inguruko «saio esperimentala» egingo dute gaur Imanol eta Arkaitz Miner anaiek Deban (Gipuzkoa), «norberaren hizkuntza armairutik atera, aizkora hartu eta armairua birrintzen laguntzeko».
Hizkuntza teknikaria da Imanol Miner, eta hark jarriko ditu hausnarketak eta ahotsa. Haren anaia Harkaitzek musikarekin lagunduko dio. Mezu positiboa eman nahi dute, XXI. mendeko euskaldunen bizimoduan dena ez dela «estualdia, blokeoa, ezintasuna eta nekea» nabarmentzeko eta indarra ateratzeko.
«Uste dut nortasun krisi handi bat dugula, euskara elkarteetan eta norbanako hiztun gisa», esan zion martxoan Imanol Minerrek BERRIAri. Euskara elkarteen inguruan eginiko hausnarketatik sortu da Miner anaien performance-a. Izan ere, orain arte taldea baino ez da kontuan izan taldeon lanean, Imanolen arabera. Gizabanakoak «bere barnean zekarren ezinegonari ez diogu arretarik eskaini, eta horri heltzeko premia sumatzen da orain. Garai berriek erantzun berriak eskatzen dituzte». Feminismoak, gay eta lesbianek eta transexualek egin duten lana egiteke dute euskaldunek; hau da, armairutik atera.
'PERFORMANCE'-A
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Turismo bulegoan,Deba (Gipuzkoa).
Euskaraterapia saioa Deban
'Performance'-a egingo dute gaur Miner anaiek Deban, euskaldunei armairutik ateratzen irakasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu