Eslovakiarra da jatorriz Marek Barath (Nitra, Eslovakia, 1967), baina Zarautzen bizi da duela lau urtetik. Gitarra akustikoa eta pianoa jotzen ditu Louise Michel taldean, Jaione, Patxi, Nagore eta Michalekin batera. Duela hiru urte sortu zuten taldea, eta munduan zehar ibili dira kontzertuak eskaintzen: Alemanian, Txekian eta Euskal Herrian. Zarauzko Katixa Surf tabernan joko dute gaur, 21:00etan.
Zein musika mota jotzen duzue?
Ez da erraza estiloa zehaztea, baina esan dezakegu folkaren eta rockaren artean mugitzen garela; ukitu amerikarra ere badugu. Gutariko bakoitzak oso musika ezberdina entzuten du; batetik, Nick Cave, Jonhy Cash eta The Velvet Underground; bestetik, Anari eta Mikel Laboa. Eragin horiek antzematen diren arren, musika sortzerakoan ez dugu horretan arreta handirik jartzen. Gure musika propioa egiten dugu.
Bost kidek osatzen duzue taldea; zein musika tresna jotzen du bakoitzak?
Jaione oiartzuarra da, eta gitarra akustikoa jotzen du; horrez gain, bera da abeslari nagusia. Nagore zumaiarra da, eta bateria jotzeaz gain, ahotsa jartzen du zenbait abestitan; nik neuk ere abesten ditut kanta batzuk, baina gitarra akustikoan eta pianoan aritzen naiz batez ere. Patxi zarauztarra da, eta baxua jotzen du. Gitarra elektrikoa, aldiz, Michalek jotzen du; txekiarra da bera.
Euskal Herrikoak, Txekiakoak, Eslovakiakoak... nola topatu duzue elkar?
Hamar urtez Berlinen bizi izan naiz, baina gero Zarautzera etorri nintzen, emaztea hemengoa baita. Orduan ezagutu nuen Michal, duela lau urte. Lagun batek esan zidan musika egiten zuen txekiar bat ezagutzen zuela, eta haren bitartez jarri nintzen harremanetan Michalekin. Bestetik, laneko kide baten arrebak, Jaionek, abestu egiten zuen. Hari deitu eta hirurok elkartu ginen. Bateriarekin arazoak izaten ditugu beti. Orain Martin da gure bateria jotzaile ofiziala, baina udan oso lanpetuta dabilenez, Nagorek ordezkatzen du. Jokin eta Mariano aritzen ziren lehen, baina orain kanpoan daude eta ezin dute gurekin entseatu.
Zuen abestietan nabari da munduko hainbat txokotakoak zaretela. Hizkuntza aniztasuna da nagusi.
Bai, euskaraz, eslovakieraz, ingelesez, frantsesez eta txekieraz abesten dugu. Abesti gehienak Jaionek egiten ditu; haren anaia Josu poeta da, eta hark idatzitako abestiak ere baditugu; ingelesezko batzuk Michalen neska-lagunak idatzi ditu.Beste zati batzuk nik abesten ditut, eslovakieraz eta txekieraz, eta horiek nik idatziak dira. Norberak idatzitakoa, norberak abesten du.
Louise Michel da zuen taldea; Frantziako Michel anarkistarekin zerikusirik ba al du?
Bai, hortik dator izena. Hasieran In.Fusion izena genuen, eta kultura nahasketa bat ginela adierazi nahi genuen horrekin. Baina izen hori nahiko hotza iruditzen zitzaigun, eta beste baten bila hasi ginen. Orduan, Patxik Louise Michel proposatu zigun, Frantziako Iraultzan borrokan aritu zen emakume anarkista haren omenez. Gu izatez ez gara anarkistak, baina anarkismoaren ideia batzuekin bat gatoz. Michelek ogia lapurtzen zuela jakin genuen, ondoren pobreei emateko, eta asko gustatu zitzaigun ideia hori. Haren omenezko abesti bat egitea gustatuko litzaiguke, baina oraindik ez dugu tarterik hartu.
Marek Barath. Musikaria
«Euskaraz, eslovakieraz, ingelesez, frantsesez eta txekieraz abesten dugu»
Munduko hainbat txokotako bost musikari elkartu, eta Louise Michel taldea sortu zuten, duela hiru urte. Folk eta rock estiloa jorratzen dute, eta hizkuntza ugari entzun daitezke euren abestietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu