Euskarazko hedabideak elkarlanean ariko dira hauteskundeei begira

Herrialdeetako 'Hitza'-k, Hamaikak, BERRIAk eta Euskalerria Irratiak lau mahai inguru antolatu dituzte

Gipuzkoako hautagaien eztabaida maiatzaren 8an emango dute. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Euskarazko komunikabideen arteko elkarlanak jarraitzen du pauso aberatsak ematen. Orain, udal eta foru hauteskundeei begira jarri dira herrialdeetako Hitza-k, BERRIA eta Hamaika telebista, eta, aurreneko aldiz, eztabaidak antolatu dituzte elkarrekin. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan egingo dituzte eztabaidak, bakoitzean bana. Hamaika telebistan ez ezik, BERRIAren webgunean ere ikusi ahalko dira mahai inguruak. Ostiral gauetan izango dira.

Bihar, 22:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusietara aurkeztuko diren alderdietako ordezkariekin egingo dute mahai ingurua. Solaskideak, hauexek: Ibone Bengoetxea (EAJ, Eudeleko presidentea), Josu Unanue (EH Bilduren hautagaia ahaldun nagusi izateko), Andoni Unzalu (PSE-EEko kidea) eta Josean Elgezabal (Podemos Ahal Dugu-ko Enkarterriko zerrendaburua). Aurkezlea, berriz, Nagore Uriarte Hamaikako kazetaria. Eztabaidako gaien artean, besteak beste, enplegu politikak, azpiegiturak, zerga politika, gizarte zerbitzuak eta hizkuntza politika izango dira.

Gipuzkoako Hitza-ren bitartez, maiatzaren 8an eskainiko dute hurrengo eztabaida, Gipuzkoako Batzar Nagusietara aurkeztuko diren hautagaiekin: Xabier Olano (EH Bilduren hautagaia ahaldun nagusi izateko), Denis Itxaso (PSE-EEren hautagaia ahaldun nagusi izateko), Juantxo Arrieta (Podemos Ahal Dugu) eta Pello Atxukarro (PPko Oriako zerrendaburua). Eztabaidaren antolatzaileek EAJ gonbidatu zuten, baina jeltzaleek adierazi zuten agenda arazoengatik ezingo zutela eztabaidan parte hartu. Aurkezlea Irati Sarasua izango da. Gipuzkoako Hitza-n zabal emango dute eztabaidaren berri aste horretako zenbakian.

Nafarroako hautagaien eztabaida maiatzaren 15ean izango da. Eztabaida horretan elkarlanean ariko dira BERRIA, Hamaika telebista, Euskalerria Irratia eta Nafarroako Hitza —webgunean ikusi ahalko da, eta ostiraleko gehigarrian zabal argitaratuko da—. Aurkezle lanetan Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko esataria ariko da, eta solaskideak honako hauek izango dira: Adolfo Araiz (EH Bildu), Uxue Barkos (Geroa Bai), Laura Perez (Podemos Ahal Dugu) eta Ezkerrako ordezkari bat.

Azkeneko eztabaida Arabakoa izango da, maiatzaren 22an. Aurkezlea Nagore Uriarte izango da.

Hamaika telebistak saio berezia egingo du udal eta foru hauteskundeak egingo diren egun berean, 22:00etan. Irati Sarasua eta Inaxio Esnaola kazetariek emango dituzte datuak. Horrez gain, datuak aztertzeko mahai ingurua egingo dute solaskide hauekin: Joxe Felix Azurmendi, Iñaki Zarraoa, Karmelo Landa, Pello Urzelai eta Gara egunkariko kazetari bat. Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik ere bozen emaitzen gaineko iritzia emango dute saioan, telefonoz.

Hauteskunde osteko egunean BERRIA paperean argitaratuko da, astelehena izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.