Komunikazioa

Eusko Legebiltzarrak eskatu du Nafarroan ETBko emisioak itzultzeko

EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute erdibideko zuzenketa EITBren Kontrolerako Batzordean.

Erreniegako antena Guardia Zibilak zigilatu zuen. IñIGO URIZ
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 6a
07:59
Entzun

Eusko Legebiltzarrak —EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako erdibideko zuzenketa baten bidez— Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatu die konpontzeko eragindako "min larria", eta Nafarroan ETBko emisioak itzultzeko, "oraingoz behin-behinean", Nafarroako Gobernuaren irrati-frekuentziako espektroaren bitartez, "ahalik eta azkarren" ofizialduz dagokion babes legalarekin. 2016ko maiatzean Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sinatu zuten hitzarmenari erreferentzia eginaz, legebiltzarrak eskatu du argi daitezela zein diren baldintza zehatzak kooperaziorako, antolakuntzarako eta finantzaketarako, akordioaren laugarren klausulan aurreikusten den bezala.

EITBko Kontrolerako Batzordean, Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du beharrezkoa dela "lehenbailehen" Nafarroan ETB ikustea: "Itzalketak oinarrizko eskubideak urratzen ditu". EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxebarriak, ildo berean, nabarmendu du "anakronismo hutsa" dela Nafarroan ETB ez ikustea. PSE-EEko Mikel Unzaluren iritziz, zeuden "irregulartasunak" konpon zitezkeen, emisioak eten gabe. PPko Carmelo Barrio izan da bakarra emisioak itzultzea defendatu ez duena: "Gizarte demokratiko batean errespetatu behar dena legea da. EITBkoak pirata gisa aritu dira, legea bete gabe. Errua lege bete ez dutenena da", gaineratu du.

Batzorde berean, beste bi erdibideko zuzenketa onartu dituzte. EAJk eta PSE-EEk joan den astean EITBko administrazio kontseiluan onartutako testu bera errepikatu dute, EITBko langileen soldata murrizketaren eta itzuleraren auzian. Hau da, legebiltzarrak eskatu dio EITBko zuzendaritzari onartzeko eta betetzeko epaileen sententziak. Eta zaintzeko lansarien oreka EITB taldeko langile guztien lansarien politiketako arrazoizko printzipioei jarraituta. Eusko Irratiko eta EITBNeteko langileen auzien sententziak falta dira, eta horien zain egoteko eskatu dute jeltzaleek eta sozialistek. Aldiz, EH Bilduk eta PPk defendatu dute ezberdintasunik ez egiteko eta EITBko langile guztiei itzultzeko soldatatik murriztu zitzaien %5 hura.

EH Bilduk albistegietako independentziarekin lotutako proposamen bat aurkeztu zuen, ardurazko karguetan karrera profesionala aintzat hartzeko eskatuz. Baina proposamen hori ez zen aurrera atera. Jeltzaleek eta sozialistek adostutako erdibideko zuzenketa onartu zuten, bi talde horien botoekin. Onartutako testuak honela dio: "Legebiltzarrak berresten du EITBren erreforma integralari aurre egiteko beharra, zerbitzu publikoaren eraginkortasun handiagoa lortzeko. Eta legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatzen dio, erreforma egin bitartean, kudeatzaileen izendapenetan profesionaltasun eta independentzia irizpideak erabiltzeko, eta albistegietako profesionalen izendapenetan irizpide horiek jarraitzeko, gardentasuna eta aukeren berdintasuna bermatuz".   

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.