Expomarket azokak 12.000 bisitari inguru jaso ditu

Lau egunez sektore askotako produktuak bildu ditu Expomarketek Ficoba erakustazokan

Erredakzioa
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Irungo Ficoba erakustazokan eginiko Expomarket azokaren azken eguna izan zen atzokoa. Lau egunez, 65 erakusmahai baino gehiagotan askotariko produktu eta zerbitzuak ikusi eta erosi ahal izan dituzte Ficobara gerturatu direnek. Besteak beste, moda, kosmetika, etxebizitza, dekorazioa, gastronomia eta zerbitzuen inguruko gaiak izan dituzte erosleek eskura. Gabonetako erosketak egiteko aukera aprobetxatu dute askok.

Elena Casuso Ficoba erakustazokako zuzendariak azaldutakoaren arabera, 12.000 lagun inguru igaro dira aurten Expomarket azokatik. Aurreko urteko bisitari kopurura iritsi ez bada ere, «kopuru ona» dela adierazi du Casusok. Iaz 21.000 bisitari inguru jaso zituen azokak. Bisitarien beherakada krisi ekonomikoari egotzi dio Ficobako zuzendariak.

Gipuzkoako eskulangileei toki berezia egin diete aurtengo azokan. Herrialdeko 26 artisauren lanak gertutik jarraitu ahal izan dituzte azoka bisitatu dutenek. Halaber, beira, artilea, argiztatze, kaligrafia eta birziklatzeari buruzko erakusketa tailerrak antolatu dituzte.

Helduak erosketak egin bitartean, gaztetxoenek puzgarri eta jokoetan parte hartzeko aukera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.