«Ez da bortizkeria kontua»

Juan Luis Arsuagaren ustez, «bortizkeria ez da erantzuna» 'Homo neanderthalensis'-en galera azaltzen hasita.

xabier martin
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Indarra eta bortizkeria, gaur egun ezagutzen ditugun gisa, baztertu egiten ditu Juan Luis Arsuaga paleoantropologia katedradunak Homo neanderthalensis-en galera azaltzeko. Atapuercako aurkikuntzei lotutako ikertzaileak nahiago du beste modu batera azaldu auzia. Hasteko, gainbeheran zegoen espeziea zela dio. «Haren urrezko garaia pasata zegoen gizaki modernoa Europara iritsi zenerako», hala esan zion kazeta honi orain aste batzuk.

Aurtengo martxoan, beste ikertzaile batzuekin batera, Molecular Biology and Evolution aldizkarian argitara emandako artikulu batean zioen Homo neanderthalensis-a galtzear zela Europan, Homo sapiens-a iritsi aurretik. Duela 50.000 urte galdu ei ziren Europan neanderthal gehienak; talde txiki batzuek birpopulatu zituzten atzera Europako mendebaldeko lurraldeak, eta espezieak beste 10.000 urtean bizirik irautea lortu zuen, hain justu gizaki modernoa azaldu arte. Batzuk eta besteak kontinentean izan ziren batera epe batez.

Aniztasun genetikoa erabili zuten ikertzaileek neanderthalen botila lepo hori azaltzeko, duela 50.000 urte izandako krisi handiari erreparatzeko. «Duela 40.000 urte inguru, Homo neanderthalensis-ek espezie gisa banako ugari eta aniztasun genetiko ugari galdua zuten». Baina gizaki modernoak indarrez (bortizkeriaz) bultzatu ote zuen espeziea bere azkenetara? «Bortizkeria gizarte modernoen kontua da, lurraldeetan antolatzen direnen kontua, jende armatuarekin, eta abar. Ez da kasua. Espezieak lehiatu egiten dira naturan; biologiaren barnekoa da auzi hori. Espezie batzuk galdu egiten dira lehia horren ondorioz, eta arrazoiak asko izan daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.