Miren Amuriza

«Ez dit minik eman beste gauza batzuk utzi beharra bidaiatzeko»

Xabier Amuriza bere aitaren itzaletik harago joaten asmatu zuen, plazan bere nortasuna erakutsiz. Euskal Herriko azken Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iritsi zen, eta geroztik plazaz plaza dabil. Abuztua, berriz, Etiopian iragan du.

MONIKA DEL VALLE.
Joanes Etxebarria.
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Haren belaunaldiko neska asko igo dira oholtza gainera, baina, beharbada, Miren Amuriza da (1990, Berriz, Bizkaia) gehien ageri dena azken urteetan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan maila handia erakutsi, eta, geroztik, plazaz gain, hainbat arlotan ari izan da, idazten edo aktore lanetan. Abuztuan Afrikara joan zen, Etiopiara; bada aste bat handik itzuli zela.

Etiopiatik itzuli berririk, zer gorde duzu gogoan bidaiatik?

Astebete daramagu hemen, eta oraindik ere burua askotan joaten zaigu hara. Leku jakinetan aurkitu ditugu turista batzuk, baina oso gutxi, eta bidean pasatu genituen herri txiki-txikietan sentsazioa genuen gu ginela ikusten zituzten lehen zuriak, azala ukitzen eta... Etiopiaren hegoaldean iparrean baino beltzagoak dira: han egoten dira Mursi tribukoak, adibidez; horiek dira ezagunenak. Tribu horiekparke naturalen barruan bizi dira; asko urrundu behar duzu haiek ikusteko. Bueltatu ginen sentsazio gazi-gozo batekin. Zer pentsatua ematen du, turistok zer egiten ari garen beraien kulturarekin; iritsi hara, argazkiak atera... Orduan beraiek ere ikusten dute turista eta dirua, normala da, denagatik kobratzen dute. Geratu ginen pixka bat zalantzarekin, tribu batzuetan ikusi genuena zenbateraino zen benetakoa eta zenbateraino antzeztua edo. XXI. mendeko kolonizazioa bezalakoada turistena.

Han ukan duzun begiradaz gain, beharbada, Euskal Herria ere beste gisa batez ikusten duzu handik itzultzean?

Han ikusi ditugu oso oso gauza gogorrak. Eduki dut sentsazioa joan naizela gauza asko jasotzen eta gordetzen hor behean, sabelaldean... Hona etorri eta gure erosotasunera bueltatu garenean sentsazio horiek berriz gora etorri izan balitzaizkigu bezala. Gu etorri ginen justu jendea gasolina eta arropak erosten ari zela BEZaren igoera zela eta, horrek txokatu gintuen. Egia da hemen ere jende asko estu egonen dela, baina uste dut lasai egoteko moduan gaudela bizi gaitezkeelako askoz gutxiagorekin ere.

Bertsolari bat abuztuan joatea, hori ez da hain ohikoa, plaza asko izaten baitira udan...

Iaz berdin egin nuen Bolibiara joateko. Nik uste dut hor bakoitzak bere lehentasunak dituela, edo momentuak eskatzen dizuna. Ni, oraingoz, asetzen naute urte osoan egiten ditudan saioek. Ez dit minik eman beste gauza batzuk utzi beharra hau egiteko, kontrakoa.

Eta bidaia horiek eragina badute zure bertsoetan? Horietaz elikatzen zara?

Bai, horrelako bidaia bat egiten duzunean aldatzen zaizkizu gauza asko. Gauza batzuk momentuan sentitzen dituzu, eta beste gauza batzuk geroago azaleratzen zaizkizu. Orokorrean, bizitzari edo egunerokoari dagokionez. Eta bertsoa ia eguneroko gauza bat izanik, imajinatzen dut islatuko dela.

Goi mailako bertsolaritzan, bestalde, neskek leku handiagoa badutela ikusten da. Aitzineko belaunaldien gogoetak segitzen du oraindik, hala ere?

Gu hasi ginenean eskolartekoetan, Bizkaian ohikoa zen neska gehiagoizatea finaletan eta. Nik uste dut bertsolaritza, beste gauza askotan bezala,gizartearen isla dela. Nabarmentzekoa da emakumeak hartu duen presentzia, eta indartzen jarraitzekoa da, beti egongo da zer hobetua.

Uda bukatzen ari dela, plazetara itzultzeko asmoz zaude?

Bai, eta gogoz! Denboratxo bat daramat jende aurrean kantatu gabe. Datorren astean berriz hasiko da martxa. Ikusiko dugu zelan bueltatu garen.

Bukatzeko, Txapelketa Nagusia izanen da heldu den urtean. Hasi zara prestatzen?

Bai, hasita gaude horra begira, eta gogotsu. Oraindik lanean hasi ez, baina bagabiltza hitz egiten nola elkartu, norekin elkartu pixka bat entrenatzeko eta abar. Nik badaukat gogoa txapelketan sortzen den giro horretan sartzeko, lagunartean entrenatzeko... Oraingoz,gogotsu nago, animoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.