Eef Barzelay (Tel Aviv, 1970) Ameriketako Estatu Batuetan hazi zen, New Jerseyn. Boston inguruko hainbat taldetan jo ondoren, Clem Snide sortu zuen, 1990eko hamarkadaren hasieran. Donostian arituko da gaur, 21:00etatik aurrera, Gazteszena aretoan.
Bira hasi zenuten asteazkenean, Madrilen. Jendeak ezagutzen zuen The Ghost of Fashion diskoa, edo Clem Snide zer den jakitera joan ziren?
Diskoa ezagutzen zuten gehienek, aspaldiko zaleak ziren. Niretzat zoragarria da duela hamar urte eginiko kantak jotzea halako hiri batean eta topatzea jendeak hitzez hitz abesten dituela nirekin batera. Gauza bitxia da, eta ederra.
Diskoak hamar urte bete ditu, baina gauza bera egingo duzu zeure disko guztien 10. urteurrenean?
Ez dut uste. Hau egiteko ideia bat-batean sortu zen, eta egoerak bultzatu egin gaitu egitera: Partido taldea ezagutu nuen, eta aukera zuten bira egiteko, Nashvilleko lagun batek banjoa egin zidan... Dena batera gertatu da. Magia izan da.
Clem Sniden zaleentzat argi dago disko hura berezia izan zela; baina zergatik da berezia zuretzat?
Gure gailurra izan zen. Telebista handi batean jo genuen, Rolling Stone aldizkarian agertu ginen... Gure une gozoa izan zen. Eta gero dena izorratu genuen. Ezinezkoa egin zitzaigun elkarrekin jarraitzea. Beraz, hura berriz jotzea putzutik ateratzea bezalakoa da.
Ez zaizu xelebrea egiten orduko kideekin beharrean Bartzelonako musikari batzuekin jotzea?
Bai, xelebrea da, baina modu onean. Abestia nabarmentzen du horrek, ez taldea edo konponketak; abestia arretagunean. Eta gustuko dut hori. Taldearekin ez ginen inoiz gauza izan diskoa zuzenean jotzeko. Saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Orain, organoarekin eta bi gitarristarekin primeran ari gara.
Berriz elkartu zineten 2009an. Ez dago aukerarik berriz batzeko?
Ez dago modurik hori gertatzeko, oso zaila da. Azken boladan sortzen ari naizen musika erabat bestelakoa da: pianista batekin grabatzeko egokia. Ez da rocka, gitarra-baxu-bateria hirukotearekin egiteko modukoa.
Zaleei dirua eskatu diezu, kantak grabatu eta biniloan plazaratzeko. Hori da ekoizpenaren etorkizuna?
Egitasmoentzat dirua lortzeko Kickstarter.com gunearen bidez eskatu genuen dirua, baita lortu ere. Diru puska ederra poltsikoratu ahal izan nuen, eta berehala. Musika industria zaharrean, dirua jende askoren eskuetatik pasatzen da, hilabete luzez, eta zeuregana heltzen denean, ez da ia ezer geratzen. Horrela, zuzenean, zaleetatik egileengana heltzen da, Internet bidez. Etorkizun polita ikusten dut horrela niretzat, ohiko moduan ezingo nintzatekeelako bizi. Ez legoke behar adina jende nire lanetik dirua ateratzen, horrela egiteko.
Gibela behar da gero, Christina Aguileraren abesti baten —Beautiful— bertsioa egiteko.
Ez dut bereizten musika onaren eta txarraren artean. Jendeak esaten zidan: «Mesedez, ez egin kanta txatxu horren bertsioa, egin Bob Dylanen bertsio bat». Nik ez dut bereizten Christina Aguilera eta Bob Dylanen artean. Dena gauza bera da.
Tel Aviven jaio izanak eragina izan du zeure musikan eta jarreran?
Bai. Beti sentitu dut ez naizela ez benetan estatubatuarra ez israeldarra. Beti kanpoan egon naiz. Uste dut horrek lagundu egiten duela, artea-edo egiten duzunean, gauzak beste modu batera ikusten dituzulako. Desatsegina da, mingarria, baina funtzionatu egiten du.
Eef Barzelay. Musikaria
«Ez dut bereizten Christina Aguilera eta Bob Dylanen artean; dena gauza bera da»
Clem Snide taldeko sortzailea 'The Ghost of Fashion' diskoaren 10. urteurrena ospatzen ari da, bira berezi batekin. Diskoa hasieratik amaierara joko du gaur Donostian, Partido taldeak lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu